Jon ORMAZABAL
PILOTA

Finalerdietako lau bikoteak aste honetan bertan erabaki daitezke

Altuna-Imaz, Olaizola-Zabaleta eta Bengoetxea VI.a-Martija bikoek irabazi eta Ezkurdia-Arangurenek galdu beharko lukete horretarako.

Oraingoz bi gauza baino ez dira argitu Eskuzko Pilota Enpresen Ligaren uda arraro hau beteko duen Masters txapelketan, aspalditik gainera: Artola-Rezusta finalerdietan izango dira eta Elezkano-Aretxabaleta eta Urrutikoetxea-Irribarria bikoteek ez dute aurrera egiteko inolako aukerarik. Hortik aurrera, gainerako bost bikoen artean banatuko dira jokoan dauden hiru txartelak. Hori bai, orain arteko hamabi asteetan bizirik mantendu den emozio guztia asteburu honetan bertan amaitu daiteke.

Horretarako, oso posiblea izan daitekeen emaitza multzo bat eman beharko litzateke ostiralean Gautegiz-Arteagan hasi eta astelehenean Villamediana de Ireguan amaituko den jardunaldian; Olaizola II.a -Zabaleta (Jaka-Albisuren aurka), Altuna-Imaz (Urrutikoetxea-Irribarria edo Bikuñaren aurka) eta Bengoetxea VI.a-Martija (Elezkano-Aretxabaletaren aurka) bikoteek euren partidak irabazi beharko lituzkete, eta Ezkurdia-Arangurenek PeñaII.a-Rezustaren aurka galdu beharko lukete. Kasu horretan, arbizuarrak eta Aginagakoak ezingo lituzkete beste hiru bikoteak harrapatu, Bengoetxea VI.a-Martijaren aurkako bi partidak galdu ostean, elkarren arteko berdinketa bikote nafarraren aldekoa delako. Postuak erabakitzea bakarik geratuko litzateke.

Elkarren arteko partidak

Eta gauzak horren estu izanda, uneotan sailkapenean zazpi punturekin hirugarren tokian ikusten baditugu ere, Olaizola II.a-Zabaleta dira gauzak errazen dituztenak. Ostiralean garaipena ezinbestekoa duten Jaka-Albisuri irabazten badiete –gauzak normal Lizartzakoa itzuliko da lesioa gaindituta– barruan izango dira. Izan ere, euren arteko berdinketarik emango balitz ere, jokatutako bi partidak irabazi dizkiete Altuna-Imaz eta Bengoetxea-Martijari.

Aurrekoek bezala, Altuna-Imazek ere oso ongi bideratuta dituzte gauzak eta posible da geratzen zaizkien bi partidak galduta ere barruan izatea. Baina hobe dute, badaezpada, larunbatean Igorren Urrutikoetxea-Irribarriaren aurkako partida irabaztea. Izan ere, azken partidan borrokan erabat sartuta dauden Bengoetxea-Martijaren aurka jokatu behar dute. Hori bai, zer gerta ere, gipuzkoarrek badute abantailatxo bat: lehen itzuliko partidan 22-16 nagusitu ziren.

Elkarren arteko bi partidak irabazita, Bengoetxea-Martija bikoak nahikoa luke azken bi partida hauetan Ezkurdia-Arangurenek lortutako emaitzak berdintzearekin. Elezkano-Aretxabaletaren aurka aukera ona dute gauzak bideratzen hasteko.