Asier AIESTARAN
REALA

William Jose, taldeko seigarren positiboa

Ematen duen albiste on bakoitzeko txar bat jasotzen du azkenaldian Realak. Mikel Oyarzabal, Adanan Januzaj eta Kevin Rodrigues entrenatzera itzultzeko prest direla jakinarazi zuen egun berean, talde txuri-urdinak beste positibo baten berri eman zuen.

Klubak ez zuen zehaztu hasiera batean positiboa nori zegokion, baina ondoren Willian Jose bera izan zen Instagramen bidez berea zela onartu zuena. «Triste, taldekideei ezingo diedalako lagundu Ligaren hasieran, baina zaintzen eta lanean jarraituko dut ahalik eta azkarren itzultzeko», idatzi zuen aurrelariak.

Izan ere, brasildarrak ezingo du igandean Valladoliden jokatu, etxean isolatuta egon beharko duelako egun mordoxkan, eta bigarren jardunaldiko neurketa ere kolokan geratzen zaio. Iristen bada, oso estu izango da.

Willian Jose covid-19an positibo eman duen Realeko seigarren jokalaria da. Horietatik lau jada itzuli dira lanera –Aritz Elustondo, Mikel Oyarzabal, Adnan Januzaj eta Kevin Rodrigues–, David Silva oraindik isolatuta dago, nahiz eta aste honetan bertan entrenatzen hastea espero den, eta orain Willian Jose izan da gelditu behar izan duena.

Beste gai batzuen artean, horretaz ere galdetu zioten atzo Igor Zubeldiari Zubietan eman zuen prentsaurrekoan. «Lasai belarretan gaudenean bakarrik egoten gara. Esaten digute kutsatzeko arrisku gutxien hor dagoela. Behin entrenamendua edo partidua amaitutakoan ahalik eta arrisku gutxien hartzen ditugu: maskarilla jantzi, distantzia gorde… Gai serioa da eta inork ez du baja izan nahi datozen partiduetan. Oso erne egon behar dugu honekin».

Honi buruzko guztia: REALA