2020/09/11

IDOIA GARCIA
GARRAXI JATETXE BEGETARIANOA (EGIA-DONOSTIA)

Garraxi jatetxeak 2001ean zabaldu zituen ateak Donostiako Egia auzoan, egungo kokalekutik gertu. Idoia Garcia (Oiartzun, 1973) sorreratik da bertako bazkide, eta jatetxearen ibilbideaz nahiz izaeraz mintzatu da. Porrontxo jaien faltaz ere bai.

«Oso adin tarte zabaleko bezeroak ditugu»
Maitane ALDANONDO|DONOSTIA
0911_hurrengo_p08_f01

Nola sortu zen Garraxi? Ostalaritzan ibilbidea egindakoak al zineten?

Ez. Behar baten ondorioz ireki genuen. Kanpoan bizi izan nintzen denbora luzez, uda batean bueltatu eta pentsatu nuen ez nintzela berriro joango. Moska nire lagunarekin egin nuen topo eta bera ere lanik gabe zegoen. Bagenekien Ametzagaina kalean lokal bat bazegoela, ikusi, eta beste bazkide bat bilatu genuen: Apaio. Horrelaxe izan zen.

Ia bi hamarkada joan dira eta zu zara orduko bazkide bakarra. Zer bilakaera izan du negozioak urteotan?

Urteotan aldatzen joan da. Formula eta bazkide kopuru desberdinak izan ditugu, orain hiru emakume gaude –Begoña Burguiño eta Maider Aranburu ditu bazkide– eta oso gustura. Hasieran, taberna ere bazen, gauean parranda pixka bat egiten genuen... Gazteagoak ginen eta hirurak nahiko ezagunak, popularrak. Jende pila etortzen zen kanpotik, lagunak, Bilbotik, Zaragozatik... Beste formatu bat zen. Gero, lokal hau salgai zegoela jakin genuen, eta, bestea txikia geratu zitzaigunez, hona ekartzen ausartu ginen, eta, egia esan, oso ondo.

Zergatik begetarianoa? Lehenengoetakoak izango zineten...

Bai, uste dut lehenengoetakoak izan ginela eta horregatik izan zen kristoren bonbazoa... Hasieran ez genuen pentsatu begetarianoa izatea, naturalki gertatu zen. Gu ere ez gara oso haragijaleak, eta, ondorioz, horrela prestatzen genuen janaria, pixka bat berezi; hala atera zen. Tanteatzen hasi eta ikusi genuen zein izango zen bidea; baina horrela bizi ginelako, ez militantziagatik. Jendeak gogoz hartu zuen; orduan hasi zen pixka bat mugitzen. Guk ireki genuenean lagun batzuek jatetxe bana ireki zuten Bilbon eta Zaragozan. Hiru lokalak batera eta hirurak begetarianoak.

Zein da zuen eskaintza?

Astelehenetik ostiralera eguneko menua eskaintzen dugu, 12 euroan. Lau plater dira. Hasierakoa, zuku eta gazpatxo bat edo salda neguan. Lehen plater bezala, entsalada, krema... Ondoren, bigarren platera, eta, azkenik, postrea. Aukera dago menu erdia hartzeko ere 9,50 euroan; plater printzipala eta postrea edo hasierako bat. Gauetan eta asteburuetan, berriz, karta. Denetik dugu: hasierakoak, askotariko entsaladak, arrozak, pastak, guk egindako seitana... Menua egunero aldatzen dugu eta kartan noizbehinka plater berriak sartu.

Janari begetarianoaren inguruko aurreiritziak gainditu al dira?

Oraindik ere entzuten ditugu «zer, letxuga?» eta horrelakoak. Baina edonor dator probatzera, asko kuriositatez; eta, noski, begetarianoak ere badatoz. Askotariko bezeroak ditugu: gurasoak seme-alabekin, seme-alabek ekarritako gurasoak, ilobarekin datorren amona... Askori gustatu egiten zaie eta gero lagunekin etortzen dira. Orain jende gazte pila nabari dugu, 17-18 urteko kuadrillak; horrek asko pozten nau. Eta baita jende heldu pila bat ere. Oso adin tarte zabaleko bezeroak ditugu.

Nola eragin dizue pandemiak?

Inpotentzia handia sentitu dugu. Itxita izan dugu jatetxea, denok bezala, eta irekitzean neurriak hartu ditugu: mahaiak kendu, terrazan distantziak zaindu... Uste dut bezeroak lasai daudela, distantzia badagoelako. Topera gabiltza lanean eta, momentuz, pozik gaude, ezin gara kexatu. Jendea gogoz zegoen eta bezero oso fidelak ditugu. Ea neguan zer pasatzen den, baina uda oso potentea izan da eta oso ondo lan egin dugu.

Jai guztiak bezala, Porrontxoak ere bertan behera utzi dituzte.

Nabarituko dugu. Asteburuetan lan asko izaten dugu, baina, Porrontxoetan, are gehiago. Eta gero giroa... kristoren pena da. Espero dugu datorren urtean normaltasunera bueltatzea. Urte asko dira Egian eta saiatzen gara auzoko gauzetan parte hartzen, harreman ona dugu auzokoekin, bizilagunekin...