Manex ALTUNA
BILBO
Elkarrizketa
ANDONI IRAOLA
RAYO VALLECANO TALDEKO ENTRENATZAILEA

«Euskal futbolean lan ona egiten ari da eta emaitzak hor daude»

Joan den urtean Mirandesekin egindako lan bikainari jarraipena eman nahi dio Andoni Iraolak (Usurbil, 1982). Erronka berria dauka Rayo Vallecanorekin eta oraingoan Lehenengo Mailara itzultzea da helburu nagusia.

Athleticen jokalaria zen garaietatik nabaritzen zitzaion futbola ulertzeko dohain berezia zeukala. Ez zen azkarrena, baina ondo kokatzen zenez arinago iristen zen eta, era berean, bazekien zuloak erraztasunez irekitzen gora egiten zuenean. Komunikabideen aurrean azalpenak ematerakoan ere jokalari estimatua zen. Futbola jokalariena dela nabarmentzen du eta gehiago gozatzen dela zelaian teknikari moduan baino, «eta hala izaten jarraitu behar du». Entrenatzaile ibilbidea bere kabuz egin nahi izan du eta Antiguokon hasi zuen. Hortik Ziprera salto, taldekide izandako eta bertan kirol zuzendari lanetan ari zen Ander Murillok deitu ostean. Hasieran emaitza onak lortu arren –Superkopa irabazi AEK Larnakarekin eta Europa Leaguerako multzoko fasera sailkatzea lortu zuen–, kaleratu egin zuten denboraldia amaitu aurretik. Iaz Bigarren Mailara igo berria zen Mirandesekin ezusteko handienetakoa eman zuen Kopako finalerdietara iritsita. Ez jarraitzea erabaki ostean, bere izena hainbat talderen agendan egon da, baina azkenean Rayo Vallecanoren aulkian eseriko da. Pausu bat gehiago, gorantz doan entrenatzaile batentzat.

Zerk bultzatu zaitu Rayoren proposamena onartzera?

Hasieratik Rayoren eskaintza oso erakargarria iruditu zitzaidan. Talde berezi bat da, beti gustatu izan zait hemen aritzea jokalari bezala etorri naizenean edo entrenatzaile gisa eta orain beraien entrenatzailea izateko aukera daukat.

Kanpotik begiratuta espero zenuena aurkitu duzu, zale zein klubaren aldetik?

Orain egoera berezi bat da eta zaleekin ez daukagu kontaktu hori ez partidetan ezta entrenamenduetan. Ez gara ari esperientzia osoa bizitzen, baina egitura aldetik klub nahiko familiarra da. Ez dute hainbeste pertsonak lan egiten Rayon eta horrek bere gauza onak eta txarrak dauzka.

Paco Jemezen eta Rayoren zuzendaritzaren arteko harremana ez da oso ona izan azken sasoian, eta itxuraz jarraitzaile asko ez daude pozik kudeaketarekin, kezkarik sortzen al dizu egoera mikazteak?

Egia da Rayori buruz ateratzen diren albiste gehienak sarritan txarrerako izaten direla. Horrek eragina izan dezake taldean, baina nire lana futbol aldera begiratzea izango da. Jokalarien partetik ni oso pozik nago. Talde oso irekia aurkitu dut, gogotsu daude hasteko eta alde horretatik nahiko lasai nago.

Maila igotzea da helburua, posible ikusten duzu?

Bigarren Maila berezia da, hasi baino lehen, dauden taldeen erdien helburua igotzea baita. Faboritoak, logikoki, jaitsi berri diren Espanyol, Leganes edo Mallorca izango dira, beste taldeek baino askoz diru gehiago dutelako. Gero play-offean igotzea lortu ez dutenak datoz: Zaragoza, Girona edo Almeria. Kasu horietan aurrekontu handiko taldeak dira eta ondoren gaude ertzean geratu garenak: Rayo, Tenerife edo Sporting. Talde gehiegi eta hiru bakarrik igotzen dira. Argi dago ez dela erraza, baina gure helburua lehia horretan egotea da.

Fitxaketak eskatu dituzu, euskal jokalariren batentzat tokia izango al da?

Oraingoz egia esan fitxaketa bakarra egin dugu, Castillatik etorri den ezker hegalekoa, Fran. Gehiago ditugu egiteko, baina gauzak aurten oso mantso ari dira joaten fitxaketen merkatuan bai Rayon bai leku askotan. Klub gehienek ez daukagu diru aldetik ahalmen gehiegirik eta pixka bat itxarotea egokitu zaigu dirua daukatenek aukeraketa egiten dutenean, geratzen zaigunaren artean mugitzeko. Buruan dauzkagu izenak eta euskal jokalariak hor daude, baina gauza bat da guk pentsatzea eta gero posible izatea. Mirandesen aukera oso ona zen etxetik oso gertu geratzen zirelako eta gauzak oso ondo irten ziren. Aurten ziurrenik zailagoa izango da, baina baten bat irits daiteke.

Mirandesekin dena ondo atera zitzaizun, baina, era berean, ezagutu duzu futbolaren krudeltasuna AEK Larnakan?

Oso harro nago Zipren egindakoarekin. Denboraldi ona egin zuen taldeak, ziurrenik egin duten onena. Esan behar da Imanol Idiakezek oso ondo bukatu zuela. Hala ere, egia da ezin izan nuela amaitu, baina gauza garrantzitsuak lortu genituen taldearekin eta niretzat esperientzia oso ona izan zen. Ingelesez ere entrenatu ahal izan nuen eta arlo horretatik esperientzia aberatsa izan zen.

Emaitzek laguntzen ez dutenean zer egin daiteke?

Nik uste onartu egin behar dela. Pasa den urtean, esaterako, 22 talde hasi ginen Bigarren Mailan, eta okertuta ez banago, zortzi edo bederatzi entrenatzailek bakarrik bukatu zuten denboraldia. Beraz, estatistikari begiratuta aukera gehiago daude ez bukatzeko. Normaltasunez hartu behar da, gauzak okertzen badira. Izan ere, gehienetan helburuak ez lortzea normalena izaten da futbolean.

Zeintzuk izan dira entrenatzaile bezala izan dituzun erreferentzia nagusiak?

Nabarmendu beharra daukat txikitatik oso entrenatzaile onak izan ditudala. Athleticen gazte mailan iritsi nintzenean Ernesto Valverde izan nuen, Basconian Mendilibarrekin egon nintzen. Gero Ernestorekin berriro bigarren eta lehenengo taldean. Eta aipatu beharra ere denok dakizkigunak: Caparros, Bielsa, Clemente... AEBetan egon nintzenean Patrick Vieira ere izan nuen, niretzat oso entrenatzaile ona dena. Saiatzen zara bakoitzarengandik gauza batzuk hartzen lan egiteko modu aldetik, baina oso zaila da beste entrenatzaile batek bezala entrenatzea. Bakoitzak gure gustuak ditugu, ariketak hartzen dituzu edo zerbait egiteko era, baina guztia oso zaila da eta inork ez du egiten.

New Yorken Juventusen eta Chelsean dauden Pirlo eta Lampardekin jokatzeko aukera ere izan zenuen.

Sorpresa izan da batez ere Pirloren kasuan, ez baitu inon entrenatu aurretik. Lampard behintzat Derby Countyn aritu zen Ingalaterrako bigarren mailan. Ikusten zitzaien gustuko zutela futbolari buruz hitz egitea eta espero nuen biek entrenatzaile bezala jarraitzea futbolean, nahiz eta ez pentsatu hain azkar talde horietara iritsiko zirenik. Zorte ona izatea opa diet.

Bost euskal talde daude Lehen Mailan eta Euskal Herriko zazpi entrenatzaile, Bigarren Mailan ere zu zeu edo Bolo zaudete, arrazoirik ba al dago?

Ez dela kasualitate bat esango nuke. Orokorrean euskal futbolean gauzak ondo egiten dira bai jokalarien artean eta entrenatzaileen aldetik. Ondo ikusiak gaude kanpotik eta emaitzak hor daude, bai eta gure aurretik egon direnek egindako lana eta emaitzak ere.

Zure izena Athleticekin lotzea ohikoa izaten da, Lezaman entrenatzen hasteko proposamenik izan al duzu?

Aukera izan nuen Athleticen jarraitzeko edo itzultzeko, nire entrenatzaile ibilbidea hasteko, baina nik erabaki nuen beste leku batean hastea, beste esperientzia batzuk ezagutzeko. Antiguokon hasi nintzen futbolean, ezagutzen nuen bertan jendea, talde ona da, jokalari gazte askorekin, eta hasteko leku aproposa iruditu zitzaidan.

Zer iritzi duzu Athleticekin sinatutako hitzarmenaz?

Azkenean jokalariek adin horietan nahi duten tokian jokatzen dute. Antiguokok ondo egiten du lan gazteekin eta Athleticek hor adi egon behar du.

Etorkizunean Athleticen entrenatzaile izatea helburutzat daukazu?

Nik helburutzat jartzen dut egunero hobetzea entrenatzaile bezala eta bihar inork ez daki zer gertatuko den. Orain Rayon nago, talde ona da Bigarren Mailan eta gauzak ondo joatea espero dut. Entrenatzaile gisa epe motzean begiratu behar duzu eta ikusiko dugu pixkanaka noraino irits naitekeen.