2020/09/16

Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
Aro komuna
Eta euskaldunok zer egingo dugu? Euskaltzaindiak Kristoren aurreei eta atzeei lotua segitzen du. Batzuon lehendakariak «Jaungoikoaren aurrean» zin egin du kargua berriki

CE eta BCE. Ingelesez topatu nituen lehenbizi. Mary Bearden “SPQR” liburuan, oker ez banago. Ez oso aspaldi, beraz. Testuinguruak iradoki zidan zerbait, baina hiztegian baieztatu nuen, badaezpada ere. Urteen eta mendeen zero zenbakia markatzeko, erreferentzia gisa Jesu Kristo eta ustezko bere jaiotza erabili gabe, laikoa den formula baten aurrean nengoen: «Common Era» eta «Before the Common Era», Kristoren aurreko eta ondorenaren ordez. Latinez, Johannes Keplerrek idatzia omen da, «annus aerae nostrae vulgaris» 1615ean; ingelesez 1708an idatzia aurki omen daiteke. Juduen artean XX. mendearen aurretik ere ohikoa bihurtu omen zen ingelesez, eta XIX. mendeko judu batena omen da laburduren lehen erabilera ere. XX. mendearen bukaerakoa omen da BCE eta CEren hedapen nabarmena hizkuntza horretan.

Egokia iruditzen zait aldaketa. Erlijio anitzeko mundu batean, sinestun nahiz sinesgabeei begirunea erakusten dien urratsa. Guztiok denbora neurtzeko eta izendatzeko estandar berera lerratzearekin batera, inori inolako erlijio sinbolorik erabilarazten ez diona. Normala da Beard historialariak formula hori erabili izana. CE/BCE ingelesez forma neutroa bihurtu da, eta antigoalekoak edo kristau ez-toleranteen aztarnak BC (before Christ) eta AD (annus dei).

Gaztelaniaz «antes de la era común/era común (a.e.c./e.c.)» inoiz ikusi izana ez nuke baztertuko. Espainolaren akademien ortografiak jasotzen ditu, baina nahiko garbi dago kristautasunari lotutako formulak direla oraindik nagusi. Kristauzentrismoa indartsuegia da gaztelaniaren lurraldeetan, joera-aldaketarik espero izateko.

Eta euskaldunok zer egingo dugu? Euskaltzaindiak Kristoren aurreei eta atzeei lotua segitzen du. Batzuon lehendakariak «Jaungoikoaren aurrean» zin egin du kargua berriki. Adierazten du horrek zerbait. Kristo alde batera utzita, «Aro komun (AK)» eta «Aro Komunaren Aurre (AKA)» idatziko dugunak gutxiengoa izango gara luzaroan. Gutxiengo hirukoitza gutxienez: euskaldunak, euskaraz idazten dutenak eta laikoak; komunetik gutxi daukaten espezimen bitxiak.