Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren premiak

Inoiz baino” esatea esaldia mailarik garaienera eramatea da. Esaldi kategorikoa dela esan daiteke, ahalguztiduna, ex cathedra hitz egitea, hutsezintasunetik. Beti daude premiak musikan zein bizitzako edozein alorretan; handiagoak edo txikiagoak izango dira, zeren noiz egin du gainezka Euskal Herriko kulturak? Premia larrietan dabil, euskara bera bezala, argi gorri guztiak piztuta. Noizbehinka, ordea, pozak eta algarak edukitzea bikain datorkigu. Baina gora etorri gabe, enpatxuaren ostean datorrelako ekaitza. Kudeaketa eta autogestio osasungarrienak esango digulako hanpadurei iskin egiteko.

Usu erabiltzen dira agiri, hitzaldi eta abarretan molde honetako esaldiak: “Gaur (orain, aurten) inoiz baino garrantzi handiagoa du…”. Auzo-lotsa datorkit hipokanpora, eta baita harridura keinua aurpegiko muskuluetara ere.

Aurreko astean esamolde berbera erabili zen antzeko zerbait esateko. “Inoiz baino…” hasten diren esaldiak hanpatuak dira, hiperboleak. Zerbaiti garrantzia emateko modu traketsa dela uste dut. Beti da gaur. Beti ezin gara egon “inoiz baino” egoeran. Ez du ekarpen baikor eta eraikitzailerik egiten. Makulu-esaldia da, nahiz eta hanka bizkorrak eduki. Adeitasun-esapidea bada, garrantziaren zergatia lanbrotu egiten du. Musikak premia asko ditu. Ez dut uste “inoiz baino…” horrekin beteko ditugunik musikaren beharrezkotasun politikoak, kulturalak, filosofikoak.

Kulturak etengabe du larritasun egoera. Denok gara musika, denok garelako kultura. Denok gara beti abeslari. Premiak denok gara.