GARA
GASTEIZ

Emakunde berriz atxikitzeko eskatu diote Urkulluri

Emakunde Lehendakaritzatik ateratzeko hartutako erabakia soka luzea ekartzen ari da. Emakunderen Aholku Batzordea izan da ahots kritikoei gehitu zaien azkena: Iñigo Urkulluri eskutitza igorri dio atzera egin dezan eta erakundea berriz ere Lehendakaritzari atxiki diezaion berriz ere.

Emakundek Lakuako Gobernuarekin elkarrizketatzeko daukan organoa da Aholku Batzordea, eta Urkulluri azaldu dio «erabat» gaitzesten duela erakundea Gizarte Gaien Sailera mugitu izana. Izan ere, uste du erabaki horrekin «herri honetako berdintasun politikek beren zentralitatea galtzen» dutela eta berdintasunaren aldeko borrokan «atzera» egiten dela.

1988an eratu zutenetik, Emakunde Lehendakaritzari atxikita egon dela ekarri zuen gogora Aholku Batzordeak, bere «sortze legeak» hala ebatzita, eta, horrenbestez, Gizarte Gaien Sailera mugituta legeria bera ez dela errespetatzen uste du.

Nazio Batuen Erakundeak 2015ean Emakunderi saria eman ziola ere gogorarazi du, genero ikuspegia sustatzeagatik eta «bikaintasuna» erakusteagatik EAEko Berdintasun Legea ezartzerakoan. Bost urte geroago, Gobernu berriaren osaketa eta gero, sari hura jasotzeko arrazoia «desagertu» egin dela uste du.