Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA
Elkarrizketa
AMAIA JUNQUERA
ZERAINGO ALKATEA

«Gazte dezentek alde egin dute herritik eta egoerak ezin zuen horrela jarraitu»

Goierriko Zerain herriko alkatea da Amaia Junquera. 250 biztanle inguru duen herri txikia izan arren, asmo handiko proiektu bat gauzatu du Udalak. Antxaputzuko etxebizitzak inauguratu zituzten pasa den astean, alokairu publikoko etxebizitzak, gazteei eta helduei zuzenduta.

Iragan asteko ostiral eguerdian inauguratu zituzten Zeraingo herritarrek Antxaputzuko jabetza publikoko etxebizitza berriak, bioeraikuntzaren bidez diseinatutako zortzi apartamentu, gazteei eta helduei zuzendutakoak. Orain hiru urte eta erdi abiatu zuen Zeraingo Udalak alokairu publikoko etxebizitzok eraikitzeko proiektua, eta Lakuako Ihobe sozietate publikoaren eta Fiare Banku Etikoaren finantzaketari esker egikaritu dute egitasmoa. 35 urtetik beherako gazteei edo 70 urtetik gorako herritarrei zuzendutako etxebizitzak dira, baina, helduen eskaerak izan ez dituztenez, jada zortzi apartamentuak Zerain eta Goierriko gazteen esku daude.

Lakuaren 380.000 euroko dirulaguntza jaso dute, eta diru hori ez dute itzuli beharko. Bestetik, Fiare Banku Etikoak ia 200.000 mila euroko mailegua eman die. Amaia Junquera Zeraingo alkateak azaldu ditu Antxaputzuko alokairuko etxebizitza publikoen xehetasunak.

Zerk bultzatu zuen Zeraingo Udala Antxaputzuko etxebizitzen proiektua bultzatzera? Zer behar identifikatu zenituzten?

Aurreko agintaldian, gure herri programan, jasota zegoen eskaera. Elkarrizketa pila bat egin genituen, eta, beharrak aipatzerakoan, hau aipatzen zen. 2015ean sartu ginen eta 2016an hasi ginen dena bultzatzen.

Lehenengo egin genuena izan zen galdeketa bat, jakiteko ea benetan behar hori bazegoen herrian. Herri mailan eta Goierri mailan egin genuen galdeketa, eta ikusi genuen gazteek nahiago zutela etxeak errentan hartzea eta ezin zutela hilean 300 euro baino gehiago ordaindu. Horiek izan ziren atera genituen ondorioak.

Orduan, horretan jarri ginen, herriko lursailak begiratzen, eta Antxaputzuko lursaila geneukan. Munizipalizazioa eginda zegoen dagoeneko, eta beraz, oso erraza izan zen.

Beste herri askotan horrelako proiektu bat bultzatzeko lursail falta izaten dute. Guk, aldiz, bageneukan lursaila baina ez genuen dirurik. Herri txikia gara, eta gure aurrekontuak ez du horrelako proiektu baterako ematen. Orduan, jarri ginen pentsatzen dirua nondik atera, eta, hainbat azterketa egin ostean, ikusi genuen eskatu behar genuen mailegua ordaintzeko zein izan zitekeen gastu maximoa errentarekin ordaintzeko, eta arkitektoek gastu horren arabera egin zuten lan.

Ostean, Eusko Jaurlaritzara jo genuen proiektuarekin eta azaldu ziguten zer laguntza zeuden. Egia da Eusko Jaurlaritzarekin oso erraza izan dela kudeaketa, zeren beraiek ere alokairuko pisuak ari ziren bultzatzen, eta guk ere hori nahi genuen. Kointziditu egin genuen, eta dirulaguntza segituan lortu genuen. Finantzaketarako, berriz, Fiare Banku Etikora jo genuen, eta, zentzu horretan, nahiko azkar joan da dena.

Herri txikiek badute arazo bat: gazteek dezente jotzen dutela inguruko herri handietara edo hiriburuetara, jaioterria utzita. Zerainen ere bazenuten arazo hori?

Bai, aipatutako galdeketarekin batera ikerketa bat ere egin genuen, ikusteko azken hamabost urteetan zenbat gaztek alde egin duten herritik. Dezentek inguruko herrietara alde egin dute, zeren hemen pisu gutxi daude errentan, eta errenta 600 eurotik gorakoa da.

Pentsatu genuen egoerak ezin zuela horrela jarraitu. Orduan, Antxaputzuko zortzi etxebizitzetatik hirutan herriko jendea ari da bizitzen; horietako bat, gainera, kanpora joan zen eta itzuli egin da. Beste bostak inguruko herrietakoak dira.

35 urtetik beherako gazteei ez ezik, 70 urtetik gorako helduei zuzendutako proiektua ere bada berez Antxaputzukoa. Aldiz, oraingoz, gazteek okupatu dituzte zortzi etxebizitzak.

Ez da inor animatu. Beheko pisu bat gorde genuen irisgarritasunagatik, eta libre egon zen apirilera arte, baina ez zen inor animatu.

Hitz egin duzu jada Antxaputzun bizitzen ari diren gazteekin? Zer esan dizute?

Pozik daude. Talde bat egin dute jada, eta inguruko zelaian pintatu eta bestelako gauzak egin nahi dituzte, auzoko jaiak ere egingo dituztela diote... Finean, Goierri txikia da, eta ia denak ezagutzen ziren lehenagotik.