Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
IRAITZ ZUBIZARRETA
BAIKOKO PILOTARIA

«Ez dut ilusiorik galdu, larunbatean txikitako amets bat beteko dut»

Edonork pentsa lezake bere profesionaletarako jauziak maldizioren bat jaso duela: covid-19a lehenik, Baiko enpresako liskarrak jarraian... Hori bai, egungoa egoera onena ez dela onartu arren, Iraitz Zubizarretak ez du ilusio apurrik galdu. Larunbatean jokatuko du lehen partida Baikorekin, Ataun jaioterrian bertan eta Albisu lagun duela. Egunaz ahalik eta gehien gozatzea da oraintxe bertan bere helburu bakarra.

Kontrasteak dira nagusi uneotan pilota munduan. Bada, kirol honen alde politaz gozatzea dagokio Zubizarretari.

Kostatu da, baina debuta ate joka duzu azkenean. Nola daramazu?

Ilusio handiarekin. Berez maiatzerako zegoen jarrita, baina ikusi noiz arte luzatu den... Ea behingoz hasten garen!

Martxoan, alarma egoera ezarri zenean, lehen astean edo, izan nuen esperantza maiatzerako-edo debutatzeko aukera hor egongo zela. Baina, tamalez, oso azkar argi ikusi genuen ezinezkoa izango zela. Nik uste, hala ere, nahikoa pazientziarekin eraman dudala egoera.

Afizionatuetan aukera luze itxaron eta gero, ametsa pikutara joango zen beldurrik izan al duzu?

Afizionatuetan nik uste emaitza onak izan ditudala, baina ez nion buelta askorik ematen. Aukera hor zegoen baina ez da erraza, zortea ere behar izaten da... Iritsi zen momentuan gogo handiarekin nengoen maiatzean hasteko, baina hau dena pasa zen eta, beldurra baino, ziurgabetasun hori etorri zen, zenbait itxaron beharko genuen eta... Baina nahiko lasai eraman dut, eta oso pozik.

Txarrena, agian, denbora asko daramazula, gehiegi, partidarik jokatu gabe?

Horixe da, egia esan, gertatutako guztiaren alderik txarrena niretzat, kirol ikuspegitik hitz eginda behintzat. Lehiaketa erritmo falta hori... Otsailaren 23tik ez dut partida ofizialik jokatu eta hortxe daukat zalantza hori, ea gorputzak nola erantzungo duen alde horretatik. Entrenamendu ordu asko sartu ditugu, baina, azkenean, denarekin bezala, entrenamenduetatik partida egunera oso desberdina izaten da. Zalantza hori da.

Gainera, hasteko partida errazik ez dizute jarri...

Partida polita, gainera herritarrarekin, Albisurekin, herrian bertan, Oinatzen eta kontra… Oso polita da, baina baita maila oso handiko partida ere, eta zaila izango da irabaztea. Saiatuko gara irabazten, baina nik nahi dudana kantxan ahal den guztia ematea eta disfrutatzea da.

Ataungo pilotazaleentzat handia behar du bi profesional izateak...

Aurreko historian ez dakit profesionalik egon den, agian bakarren bat izango zen, baina nik dakidala Albisu izan zen lehena eta orain bi izatea handia da, biok bikote egitea, herrian bertan... Jendearen interesa piztu du, entzun dudanez sarrera salmenta ziztu batean doa eta giro polita izango da... Ematen du egun handia izango dela.

Giroa, ordea, nahasi xamarra dago zuen enpresako pilotariek egindako salaketen ostean. Zuek orain arte hortik aparte egon zarete, baina nola daramazue?

Azkenean, Uriondok azaroan debutatzen du, nik orain... Oraindik ikuspuntu murritza dugu, ez gara hor barruan egon. Momentuz, gainera, ez gaude ia plantillan ere, oraindik ez dugulako partidarik jokatu... Kanpotik ikusten dena dakigu. Argi dago ez dela egoerarik onena, egoera honekin zaila dela entrenamendu eta partidetan zentratuta egotea. Ahal dela, hori egiten dugu, baina argi ikusten da egoera ez dela erraza. Maila handiko pilotariak ez dira jarraitzeko akordio batera heldu eta pena ematen du halako pilotariak gure artean ez izateak. Baina esandakoa, nik ez daukat barruko esperientziarik eta ezin dut ezer handirik esan. Pilotariok, enpresak, pilota maite dugun guztiek ea norabide berean arraun egiten dugun eta orainaldi eta etorkizun ona izaterik dugun.

Ilusiorik ez duzu galdu?

Ez, azkenean gertatzen ari direnak ez dira gauza politak, baina 21 urte ditut eta txiki-txikitan pilotan hasi ginenean beti izaten dugu debutatzea amets. Niretzat larunbatekoa amets bat betetzea izango da eta gogo handiarekin nago.

Ez dakit helbururik jartzerik baden egungo egoeran...

Emaitza aldetik, behintzat, ez diot jarri nahi, izan ere, oraindik asko daukat ikasteko. Ia bi urte dira Baikon azken pilotariak debutatu zuenetik eta, beraz, kideek beste esperientzia bat dute eta pixkanaka joan beharko dut, pazientziarekin. Partida eta entrenamendu bakoitzean zerbait ikasi eta, emaitza aldetik, geroago akaso jarri daiteke helbururik, baina, oraingoz behintzat, kantxan disfrutatzea eta ahalik eta gehien garatzea.

Zuen etxean gainera, pilota «sakratua» dela esan genezake?

Bai, lehendik datorren zerbait da. Osaba hiru urtez Enpresas Unidasen aritu zen profesional, aita ere afizionatuetan ondo ibilitako pilotaria izan zen, lehengusua ere bai... Etxean ikusitakoa aurrera eraman dut. Beti gustatu izan zait pilota eta laguntza guztia izan dut etxean. Alde horretatik, profesional izatearen parte bat haiena ere bada. Ondorengoa ere badugu, anaiak 15 urte ditu eta oraindik ikasteko asko duen arren, gaia badu eta, nirekin egin bezala, hari ere lagunduko diogu.