Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Oroimenaren ahuleziak eta ezkerraren ajeak, mahai gainera

Gizarte bezala ditugun ziurtasunetan arrakalak sortzea du helburu Asel Luzarragaren literaturgintzak eta argitaratu berri duen «Bahiketa» (Txalaparta) eleberriak ere azkura eragingo dio irakurleari. Oroitzen ditugun horietatik zer portzentaje diren egia eta zer portzentaje asmatua/amestua gogoetatu beharko du Edu eta Matxin pertsonaiek utzitako arrastotik. Desagertua dago bata, eta bigarrenaren oroimenak egiatik zer duen igarri beharko du irakurleak.

«Gure ziurtasunak ziurgabe bihurtzea gustatzen zait, zalantza sortzea, gure buruagaz zintzo izaten saiatzen garenean noraino gauden seguru ikustea». Hitz horiekin laburbildu zuen Asel Luzarragak bere literaturgintzaren zioa eta, Txalapartarekin argitaratu berri duen “Bahiketa” eleberrian ere, irakurleari azkura eragin nahi izan diola berretsi zuen.

Eleberriaren muina 2012an Buenos Airesera egindako bidaia batean etorri zitzaiola burura kontatu zuen: «Lagun psikologo batzuen etxean nengoen eta gau batean porro bana egin genuen. Oso bidaia txarra eduki nuen, denbora-espazioaren haustura eta abar». Egun horietan Orhan Pamuk idazlearen “Liburu beltza” irakurtzen ari zen, eta esperientzia batak bestera eramanda, bahiketa bat irudikatzearen ideia sortu zitzaion. Baina ez edonolako bahiketa, irakurleak argitu beharko duen ekuazioa honakoa baita: zer da, zehazki, bahituta dagoena?

Bi protagonista ditu eleberriak. Batetik, Edu, marxista eta Buenos Airesko “La Hoz” egunkari fiktizioan lan egiten duena. Bestetik, Matxin, anarkista, argitalpenerako artikuluak idazten dituena. 90eko hamarkadan Euskal Herritik ihes eginda iritsi ziren Argentinako hiriburura biak, eta ordutik lagun minak dira, baita maitaleak ere. Baina egun batean Matxin desagertu egingo da, inork nola ez dakiela.

Eleberrian zehar, irakurleak Edu pertsonaiaren oroimena izango du inkognita argitzeko akuilu. «Eduren buruan joan-etorri bitxiak daude, ez da fidagarria, eta irakurleak ebatzi beharko du zer den asmatua eta zer egia», zehaztu zuen Luzarragak. Idazlearen hitzetan, gizakion memoria ahula da. «Askotan nahasten ditugu gure oroitzapenak pentsatu edo amestu ditugun gauzekin, baditugu gure oroitzapen faltsuak».

Eta eleberriaren izenburuarekin (“Bahiketa”) jolas bat badagoela azaldu zuen, «nor, zer dagoen bahituta ere badelako gaia, zentsura, elkarren arteko traizioak, jakin arren ez dakizkigula esaten ditugun gauzak, gure buruari egiten dizkiogun tranpak». Hala, nor-zer dagoen bahituta interpretatu beharko du irakurleak: «Liburua zabalik uzten dut, irakurleak horko egiak interpretatzeko».

Pertsonaien eraikuntza ere zaindu du Luzarragak. Azaldu zuenez, Erich Frommen “Askatasunaren beldurra”-n dago Edu ulertzeko gakoetako bat: «Izaera autoritarioa gizaki modernoak ezerezetik ihes egiteko bilatzen duen bide bat dela dio, sadomasokismoarekin lotzen duena. Eduk badu hortik, jarrera sadiko edo menderatzailea du, Matxin mendean eduki nahi du, baina, aldi berean, mendeko ere sentitu nahi du», argitu zuen.

Auto-gorroto ezkertiarra

Ezker garaikideari kritika egiteko ere erabili du eleberria Luzarragak, «lehenengo munduko ezkerrean auto-gorrotoa oso zabaldua baitago: ez gaude gure ideien mailan eta gure burua zigortzen dugu horregatik». Adibide gisa, eleberriko “La Hoz” egunkariko lantaldeak bere burua «oso feministatzat» badu ere, «denak gizonak» direla aipatu zuen. «Dialektika horretan kontraesan horiez ere ari naiz».

Azkenik, Buenos Aires agertoki izateaz gainera «hirugarren pertsonaia» ere badela nabarmendu zuen idazleak –«Edorta Jimenezek esan zidan usaindu egin duela Buenos Aires»–, nahiz eta eleberrian zehar beste hiri batzuk ere aipatzen diren, tartean Donostia: «Zirikatzea gustatzen zait. Gentrifikazioa, paisaiaren eraldatzea edo deserrotzeaz hitz egiten da, zelako Donostia topatuko lukeen itzuliko balitz».