Amalur ARTOLA
DONOSTIA
DONOSTIAKO 68. ZINEMALDIA

Amatasunaren aurpegiak

«Genpin» eta «Vision» iradokitzaileen ostean, Naomi Kawase hirugarrenez sartu da Urrezko Maskorraren lehian «Asa ga kuru / True Mothers» filmarekin. Amatasunaz eta familia orekaz hausnartzen duen pelikula eraiki du zuzendari japoniarrak, bere lanetan ohikoa den estetika zaindua eta naturarekiko miresmena bazterrean utzi gabe.

Naomi Kawase zinema-zuzendari japoniarra hirugarrenez sartu da Urrezko Maskorraren lehian “Asa ga kuru / True Mothers” filmarekin. Aurretik, “Genpin” (2010) dokumentala eta “Vision” (2018) giza existentziaren gaineko bidaia poetikoa proposatzen duen filma aurkeztu zituen Sail Ofizialaren barruan. Orain dakarren “Asa ga kuru/True Mothers” Cannesen aurkeztekoa zen, baina jaialdia bertan behera geratu izanak Donostiako hautaketa ofizialean sartzea ahalbidetu du.

Filmean gurasotasunaren gaineko hausnarketak dakartza Kawasek, abiapuntu horretatik hasita bestelako zenbait gai mahai gainean ipintzeko. Zehazki, tramak Satoko eta bere senarra aurkezten dizkigu, familia osatzeko haur bat adopzioan hartuko duen bikotea. Urteak igaroko dira eta ura bere bidetik doala dirudi, baina haurraren ama biologikoa dela esaten duen emakume bat agertzeak desoreka eragingo du haien ongizatean. Une horretatik aurrera, Kawasek ustezko ama biologikoaren historia berreraikiko du, baita haurra adopzioan hartu duen familiarena ere.

Guztia, Kawaseren lanetan ohikoa den estetika zaindurako eta poetikotasunerako joerarekin, naturarekiko miresmena eta maitasuna agertzen duten hainbat plano ederrekin.

Bideokonferentzia bidez eman zituen atzo Kawasek Zinemaldian aurkeztu duen filmaren inguruko xehetasunak. Ama adoptiboak biologikoa ezagutzeko aukera du filmean eta, horren gainean, zuzendariak argitu zuen orokorrean Japonian ez dela ohikoa egoera hau, «gertatzen dena da zenbait GKEk amak elkar aurkezten dituztela haurra ematerakoan». Une horretatik aurrera ama adoptiboa (Hiromi Nagasaku) izango da haurra zaintzearen ardura hartuko duena, horretarako bere ibilbide profesionala baztertu behar badu ere: «Japonian emantzat jotzen da emakumea prestatuagoa dagoela haurrak zaintzeko, eta naturalena horrela aurkeztea iruditu zitzaidan».

Bide horretatik, bi amak interpretatzen dituzten antzezleekin egindako lanaz ere mintzatu zen Kawase. «Hiromi antzezle oso ezaguna da Japonian. Idol bat izan zen, izar gaztea», azaldu zuen, eta bere lan egiteko modua izan zuen hizpide: bere filmak prestatzeko lantaldea etxe batean batu ohi du Kawasek, elkarrekin denbora igaro eta filmaketa hasi aurretik lantaldeak ahal bezain ondo elkar ezagut dezala bideratzeko. «Hau sorpresa bat izan zen Hiromirentzat, gauza oso berria, baina horri esker sartu zen Satokoren paperean. Ama ona da Satoko, arrakasta du bere lanbidean, emakume pribilegiatua da zentzu horretan. Senarra antzua da, ordea, eta, adoptatzeko erabakia hartuta, lana uztea erabakitzen du, eta horrek tristura sakon bat eragiten dio, Nagasakuk oso ondo adierazten asmatu duena», adierazi zuen.

Haurraren ikuspuntua

Ama biologikoaren papera Aju Makitak jokatzen du, filmatu zutenean 16 urte zituen eta zinemagintzan esperientziarik ez zuen gazteak: «Ez zuen arazorik izan gidoia ikasteko. Haurra maite duen arren harengandik banandu behar du eta pertsonaiaren tristura hori oso ondo islatu du, negarrez ikusten dugunean berarekin bat egiten dugu. Izar handiek duten argia du, ibilbide oparoa izango du».

“Vision” filmaz ere aritu zen, Zinemaldira ekarri zuen azken lanaz, proposamen askoz poetiko eta abstraktuagoa denaz. «Hark nire gidoia zuen, Nara-n, nire sorlekuan, filmatu nuen eta giza izaera eta naturaren gaineko pelikula filosofiko bat zen. Paisaiek garrantzi handia zuten», ekarri zuen gogora, eta, “Asa ga kuru”, ordea, eleberri batean oinarritua dagoela nabarmendu zuen. Gidoia, beraz, emanda zetorren: «Obra hartaz gustatu zitzaidan haurraren begirada landu zuela. Ni ere adoptatua naiz eta nire ikuspegia ikusi nuen bertan; nola haur bat aurrera ateratzea ez duten baliabide ekonomikoek edo odolak baldintzatzen, baizik eta maitasunak. Haurrak duen argi hori gai da bi amak batzeko, hori da nobelaz gehien gustatu zitzaidana», nabarmendu zuen.

Protagonisten iragana flashback bidez eraikitzen du, pertsonaia bakoitzaren ekintzen atzean dauden arrazoiak argitzeko. Egitura narratibo horren gainean, Kawasek azaldu zuen «oroitzapenak» bildu nahi izan dituela: «Oroitzapen horiek kateatuta eraiki nahi izan dut pelikula».

Azkenik, amatasunaz ere mintzatu zen, bere filmetan presente egon ohi den elementua. «Amatasunak mundua salba zezakeela entzun nuen behin», esan zuen, eta denok norbaitengandik jaio garen bezala «norbait hezten» dugula azaldu zuen: «Interes horrek bultzatzen nau nire filmetan amatasunera etengabe itzultzera».