GARA
BILBO

Aeronautika enpresetako langileek Lakuari inplikatzeko eskatu diote

Aeronautika enpresetako beharginek manifestazioa egin zuten atzo, Gasteizen, lanpostuak defendatzeko. ELA, LAB, CGT eta UGT sindikatuek batera deitutako martxan, sektorea estrategikoa dela azpimarratu, eta etorkizuneko plan bat diseinatzeko eskatu zioten Lakuari.

Joan den astearteko lanuzteen ostean, aeronautika sektoreko langileak kalera itzuli ziren atzo, lanpostuak defendatzeko mobilizazio berri batekin.

ELA, LAB, CGT eta UGT sindikatuek deitutako manifestazioak mila lagun baino gehiago bildu zituen Gasteizko kaleetan, erakundeen inplikazioa exijitzeko, eta bereziki Lakuako Exekutiboa interpelatzeko. Deialdiak Aernnova, Alestis, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Metraltex eta Feliu&Madinabeitiako enpresa batzordeen babesa zeukan.

Sindikatuetako ordezkariek azpimarratu zuten EAEn 6.000 lagunek lan egiten dutela sektorean eta beste 25.000 lanpostu daudela zeharka lotuta. Arabaren kasuan, 1.400 dira zuzeneko lanpostuak, eta 8.000 inguru zeharkakoak.

Asteartean bertan sektoreko langileek greba egin zuten ITP Aero eta Aernnovan iragarritako erregulazio espedienteak bertan behera uzteko eskatzeko.

«Zer gertatu behar da instituzioak inplikatzeko eta sektore estrategiko hau bultza dezaten?», galdetu zuen Cesar Gomez Alestisek Araban duen lantegiko enpresa batzordeko presidenteak mobilizazioaren amaieran irakurritako agirian.

Gogoratu zuen urteetan erakundeek laguntza publikoak eman dizkietela «ikaragarrizko irabaziak» zituzten enpresei, baina ez dutela ezer egin lanpostuak murrizten joan diren bitartean, lan karga penintsulako erdigunera eta hegoaldera desbideratu eta produkzioaren zati handi bat beste herrialde batzuetara eraman dutenean.

Sektore estrategikoa dela azpimarratuta, manifestazioaren bukaerako hitzaldian, sektorearentzat «benetako industria plan bat» egiteko eskatu zieten instituzioei, lanpostuak mantentzeko. Horrekin batera, Arantza Tapia sailburuari soldaten jaitsiera ez dela arazo koiuntural honen soluziobidea esan zioten eta enpresariei ohartarazi zieten «kaleratzeak eta murrizketak» egiten badituzte langileak «aurrean» izango dituztela.

Alestisen eta Aciturrin kaleratzeak planteatzen ari dira; ITPk Zamudion duen lantegian ia 200 kaleratze iragarri ditu; Aernnovan, antzeko «neurri atzerakoiak» iragarri dituzte eta enpresetan aldi baterako erregulazioak nagusitzen ari direla azaldu dute sindikatuek sektorearen egoeraren inguruan. Hauen iritziz, kaleratzeak ez dira irtenbidea, eta epe ertain eta luzera begirako industria politika bat behar da.

Hain zuzen, covid-19aren aurkako txertoa heldu bitartean «behin-behineko» neurri batzuk har daitezkeela uste dute, eta horien artean lanaldiak murriztea aipatu dute.