Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Arrazializatuak, zuriak, zereginak

Instagram-en, non selfie eta poseez harago informazio, iritzi, debate, gogoeta… oso interesgarri ugari dagoen, Afrofeminas online komunitatearen jarraitzailea naiz. Ez naiz afrikarren ondorengoa, nire larrua zuri askoa da, eta ez ditut pairatzen komunitate horretako –eta beste etnia batzuetako– andreek zehazki salatzen dituzten askotariko zapalkuntzak; kontziente naiz nik, arrazializaturik bizitzea zer den ere ez dakidanak, sexismoa eta genero-indarkeria munduko pertsona ez-gizon orok bezalaxe jasaten baditut ere, pribilegioak izan baditudala haien aldean. Mingarria da konturatzea, gaitza onartzea, eta latza, norberaren ikuskerak, jarrerak eta jokabideak aldatzeko ahalegin etengabea, norberarena ere baden borrokan beren leku eta bozgorailu propioa aldarrikatzen dutenei beren ahotik entzungo badiezu, ez zeure zilborretik.

Horregatik jarraitzen diet, besteak beste, Afrofeminasekoei. Angela Davisek, nola ez, bere idatzien bitartez mundua eta, zehazki, feminismoa emakume zuriaren begietatik harago behatzeko, defendatzeko, bidea ireki zidan gogoan. Kolpe itzela izan zen pertsonalki aurreneko irakurketa hura, tentazioa ere izan nuen ez ikusiarena egiteko, egia esango badut; ezin, baina, mundu-mailako feminismoarekiko fededun sutsua naizenez gero, feminismoa etengabe elikatzen, garatzen, bilakatzen eta zabaltzen den, garaiak aldatu ahala hala egin behar duen, edonongo ezinbesteko mugimendu gisara ulertuta. Horrexegatik miatzen ditut bazterrak, fisikoak nahiz birtualak, gurean gutxi gorabehera onartuta dagoen feminismoaren barruan andrazko asko, asko benetan, baztertzen direlako lehen bezala orain, hala esparru politikoan nola, ikusi nahi ez badugu ere, feminista gehiegiren aldetik.

Andre zurioi kosta egiten zaigulako beste andre batzuek gu zapaltzaile ikustea, errudun sentiaraztea. Askoz errazago onartzen dugu haien kontakizun biktimista, elkartasun- eta zaintzaile-sena eragiten digute, sentimendu ezaguna; ahots horien oinarrian harrotasuna, aldarrikapena eta jomugak daudenean, ordea, erasota sentitzen gara. Eta hortxe, sentimendu horretatik askatu eta ahizpatasuna modu justuagoan, eraginkorragoan, gauzatzeko gure eginkizuna dela ulertu beharrean, hemengo feministok ez hain aspaldi entzun behar izaten genuena errepikatzen diegu feminista arrazializatuei: «Ez al duzue uste esajeratzen ari zaretela, den-denari ateratzen diozuela punta?», eta, jakina, gizonek guri bezala: «Emakume zuriak al gara zuen etsaiak?».