Jon GARMENDIA
Idazlea

Begietan

Perretxikoak bezala ugaritzen ari dira udazken honetan aurkeztuko diren liburuen oihartzunak, eta aitortuko dizuet beldur pixka bat badudala, konfinamendua izan baita anitzek baliatu duten denbora sorkuntzarako, eta justuki, ez dakit zenbateraino den aski denbora izatea sortzeko argudioa, etorritakoa jasotzea den eder edo haren xerka joanda itsusten ote den. Begiratzen jakin behar betiere. John Steinbeck Nobel saridunaren “The Grapes of wrath” irakurri dut berriro, eta suminduraren mahatsetan egungo errealitatea islatzen dela antzeman dut apika, biktima errugabeak, gaitasunik gabeko agintariak, haserrea, amorrua eta sufrimendua. Ezin ahantzi, idazle paregabe honek Depresio Handia baliatu zuela hura idazteko, AEBetan 1929tik izandako krisi ekonomikoa, baina baita «Dust Bowl» fenomenoa ere, hauts ekaitzek zazpi urte luzeetan sortutako hondamendi ekologikoa, milioika nekazari behartu zituena haien etxea utzi eta errefuxiatu bihurtzera arrotz lekuetan. Ematen du ez dutela askorik ikasi askok, gertaerak errepikatu baino ez baitira egiten bazter orotan. Eta egoera hura sortu zutenen aurka idatzi omen zuen Steinbeckek suminaren mahatsena. Aspalditik Tom Joad ikusten dut amari agur erraten, «begiratzen duzun toki guztietan egongo naiz ni» erranaz, «polizia batek norbait jo duen tokian, sufritzen duen gizaki bat dagoen lekuan, haserre daudenen garrasietan egongo naiz. Jatekoa lortu duten haurren algaretan, eraiki eta hazitakoa gozatu dezakeen jendearen artean, begi haietan guztietan ikusiko nauzu». Eskerrak musukoarekin begiak hobeto ikusten diren.