2020/09/30

Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
Franco
Ez dakit esaten zergatik, baina, inguru hauetan, inposatutako bandera baino eramangarriago egiten zaigu inposatzailearen deitura. Alemanian, ordea, debekatuta dago «Hitler»

Ezin dut eraman. Piperpotoa ikusteak oso urduri jartzen nau. Oinordetza ez-genetiko kontua da, nik uste. Gure amak ezin zituen kolore horia eta gorria elkarren ondoan ikusi; arropa zabaltzeko sokan pintzak tokiz aldatzen zituen, ustekabean gorri-hori juntu tokatuz gero. Bateraezintasun kromatiko kontu hutsa zen beretzat; ikusmenaren muga bat, gerra garaian ezarria.

Ondorengoei epeldu zaigu gorri-horiarekiko higuina. Jasan ditzakegu kolore horiek besteen arropetan, baina norberak daki bere mugen berri. Nire begiek ikasi dute Kataluniako banderak, izar zuri nahiz gorriarekin, ondo ikusten; baina gihar guztiak tenkatzen zaizkit kalean piperpotodun musukoa daraman batekin gurutzatzean. Arnasa hartu, hamaika arte zenbatu eta Lockeren “Tolerantziari buruzko gutuna” ekarri behar dut gogora, nire begirada hiltzailea ezkutatzen asmatuko badut. Eta ez da nire kontua soilik. Oro har, gure herrian, bai eta Francoren aurka egin zuten besteetan ere, nahiko zabaldua da «rojigualda»-ren kontrako sentimendua.

Ez dakit esaten zergatik, baina, inguru hauetan, inposatutako bandera baino eramangarriago egiten zaigu inposatzailearen deitura. Alemanian, ordea, debekatuta dago «Hitler». Italian, berriz, ez dute «Mussolini» debekatu, baina ez omen da oso arrunta. Espainiar Estatuan 42.000tik gora omen dira Franco. Hemen ere frankistatik gutxi daukaten Franco franko ezagutzen dugu. Hizkuntzaren filosofiako ikuspegi nagusietako batek dio izen propioek ez daukatela esanahirik. Debekatzeko arrazoirik ez, alde horretatik. Bestalde, diktadore txikiari eta bere familiari ez genioke deituraren jabetza esklusiboa onartu behar, ala?

Pandemia garaiotan badira banderak eta izenak baino kezka garrantzitsuagoak eta, batek baino gehiagok pentsatuko du iritsia dela unea, galtzaileon minak eta herrak gainditu, eta hitz batzuk esanda, erraietan daramagun hainbat mamu erauzteko. Espainiar banderarekin eta ereserkiarekin saiatzeko goizegi izan liteke, baina izenarekin saia gintezke agian. Errepika dezagun: maite zaitugu, Franco; asko maite zaitugu, Franco… Battiato.