GARA
DURANGO

Plateruenak ateak itxiko ditu abenduaren 31n

Plateruena Kafe Antzokia Kooperatiba Elkarteak batzar nagusia egin zuen joan den asteartean, Durangon. Kooperatiba desegitea onartu zuten bertan, zuzendaritza batzordeak proposatutako erabakiak onetsiz. Eraikina Udalaren esku geratuko da. Udan zehar egin duten moduan, Plateruena ikuskizunak daudenean bakarrik zabaltzeko asmoa dute datozen hilabeteotan. Euskal kulturgintzak atsekabez hartu du berria.

Durango goibel esnatu zen atzo. Izan ere, Plateruena Kafe Antzokiak ateak itxiko ditu. Hala erabaki zuen kooperatiba elkartearen Batzar Nagusiak, joan den asteartean egindako bileran. «Erabaki hau egoera ekonomikoak behartua izan da. Azken urteetan Plateruenak izan dituen zailtasunei covid-19ak ostalaritzari eta kultur arloari eragin dizkien baldintzak gehitu zaizkie, eta horrek ezinezko egin du orain arteko kudeaketa ereduaren bideragarritasunari eustea eta eraikinaren ustiapen-epea luzatzeko aukera», azaldu zuten zuzendaritzako kideek.

Kooperatiba deseginda eta eraikinaren ustiapena etenda, Durangoko Udalaren esku geratuko dira bai azpiegiturak bai etorkizuneko erabilera. «Prozesuak dirauen bitartean, kultur ekimenekin aurrera jarraitzea aurreikusten dugu udazkenean, Plateruenako ohiko ostalaritza zerbitzuak itxita egongo diren arren; Plateruena ikuskizunak daudenean bakarrik zabaltzeko asmoa dugu, beraz, udan zehar egin dugun moduan. Azkenik, abenduaren 31n amaiera emango diogu orain arteko ibilbideari, 2020 urtearekin batera», gaineratu zuten.

Duela 30 urte sortu zen Berbaro euskara elkartea Durangon, eta haren bultzadaz jarri zen abian Plateruena 2004an. Orain, 16 urteko ibilbidea datozen hilabeteetan amaituko da. «Asmo handiko kultur proiektu herritarra izan da gurea, eta arlo ekonomikoak nekeak eragin dizkigu. Ostalaritza zerbitzuetatik egin nahi izan dugu bideragarri kultur jarduna, eta ez dugu lortu ahal izan. Tartean, kultur kontsumoaren eta ostalaritzaren beherakada ez ezik, bigarren krisialdi orokorra egokitu zaigu orain», nabarmendu dute.

Erreakzio soka luzea ekarri zuen albisteak sare sozialetan. Hasierako harridura eta atsekabearekin batera, urte luzez lanean aritu direnekiko esker ona nabarmendu zen herritar, sortzaile zein kultur eragileek idatzitako txioetan. Baita etorkizunean beste proiektu batek lekukoa hartuko dion esperantza ere.

Erreakzioak

igor elortza

Egun on, txorierritarrok. Urte digital sabatikoa dut 2020a, baina gaur sartu-irten bat egingo dut, Durangoko @plateruena-ri buruz haritxo bat idazteko. Kulturaz, diruaz, jendeaz, balioez, bizitzaz (Hariak jarraitzen du)

fermin muguruza

Ez, ez da posible, ezin liteke @plateruena! Nire 60. urteurrena bertan ospatzeko gelditu ginen 50.a ospatu genuenean... #PlateruenaEzItxi

bertsozale elkartea

Hutsune handia @plateruena-k euskal kulturgintzan utziko duena. Mila esker bertsolaritzaren alde egindako ekarpenarengatik

mikel urdangarin

Zenbat kantu, txalo, zauri, egonez, mozkor, mosu, besarkada, laztan, ukabilkada, estasi, aje ta buelta berriro... zenbat bizipen muturreko. Eskerrik asko bihotzez @plateruena

anari

Abestu, dantza egin, hitz egin, entzun, kontzertuak, antzerkiak, bertsoak, mundua konpondu, konspiratu... Zenbat gauza kabitzen den zu bezalako hutsune batean, @plateruena

koldo tellitu

Eta ez da bakarra, pixkanaka, ia konturatu gabe, euskara eta euskal kulturarentzat garrantzitsuak diren arnasgune, ekitaldi, ekimen asko desagertzen edo atzeratzen ari dira, agian erreakzionatu dezakegunerako beranduegi izango da...