Aloña Jauregi eta Arantxa Murua
Aralar Bizirik plataforma
KOLABORAZIOA

Arduragabekeria Aralarren

Aralar Natur Parkea kontrolik gabeko eremu bilakatu da. Adibide batzuk ematearren, edonor sar daiteke autoz (langa irekita dago), 4x4 ibilgailuak goi larreetan ikustea ohiko bilakatu da, baita motozaleak edozein bidexketan ere, abeltzain askok ordenantzen arabera igo ditzaketena baino abere gehiago igotzen dituzte, behor bat edukitzea nahikoa da Natur Parkean autoz ibiltzeko baimena lortzeko, eta abar. Egoera jasanezin horren aurrean, uste dugu beharrezkoa dela kudeaketaren inguruko azalpen batzuk ematea.

Parke Naturaleko Larre eta Txabolen Ordenantzak bertako funtzionamendua zehazten du. Ordenantzako neurriak natur baliabideen (larrea, ura) eta azpiegituren erabilera iraunkorra bermatzeko egiten dira, beste hitz batzuetan esanda, ingurumenaren, abeltzainen eta bisitarien mesedetan egiten dira. Ordenantzak betiere Natur Baliabideen Antolaketarako Plan baten menpe daude, eta Gipuzkoako Aldundiarena da NBAP hori betetzen dela bermatzeko ardura. Non dago Gipuzkoako Mendietako zuzendaria? Eta nora begira daude lege-hausteak kontrolatu beharko lituzketen basozainak? Eta Ertzaintza?

Gainera, ordenantza hauek, denonak diren larreak eta txabolak interesatuen artean ahalik eta hoberen banatzeko egiten dira. Horrenbestez, zergatik ez dituzte abeltzainen ordezkariek (elkarteek, sindikatuek) egoera honek dakartzan bidegabekeriak salatzen eta zergatik ez dute ordenantzak betetzea eskatzen? Eta bestetik, non dago ordenantzak onartu eta betearazi behar dituen Mankomunitatea? Garbi dago arduragabekeria handia dagoela erakundeen ordezkarien artean: ez dira araudia betearazteko gai ere.

Aralarrera doazen mendizale, ikerlari edo abeltzainek muga batzuk daudela onartu behar dute, inor ez baitago legearen gainetik. Gainera, Europar Batasunak ezartzen dituen helburuak betearazteko, Aralarko abeltzainek dirulaguntzak jasotzen dituzte. Orotara urtean ia 1.500.000 euro jasotzen dituzte. Batezbestekoa egingo bagenu, 15.000 eurotik gora jasoko lituzke Aralarko onuradun bakoitzak urtero. Dirulaguntzok jasotzen dituen orok joko-arauak ezagutu eta onartu beharko lituzke, guztion mesederako baitira. Datu horiek guztiak publikoak dira eta Fega.es atarian ditugu ikusgai.

Aralarko gatazka konpontzeko lehen pausoa erraza da, Natur Baliabideen Antolaketarako Plana eta Ordenantza betearaztea. Tristea da erakundeei hori eskatzen aritzea, beraien betebeharra denean.