Ane URKIRI ANSOLA
GETXO
Elkarrizketa
ARRATE ILLARO ETXEBARRIA
EUSKARALDIKO KOORDINATZAILEA

«Euskaraldiak leku egin behar dio urratsak eman nahi dituen orori»

Arrate Illaro (Getxo, 1989) Euskaraldiko koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko teknikaria da. Hilabete eta erdi inguru falta da Euskaraldiko bigarren ediziorako eta orain arte batutako indarrarekin pozik agertu da. «Euskaraldiaren unibertsoa» aztertuko du aurtengo edizioak eta aurrekoan baino herri gehiago (412) batu direla nabarmendu du.

«Lanerako oinarriak baditugu, gogoa badago euskaltzaleen artean hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egiteko eta, nahiz eta egoerak baldintzatu, ariketa txukun bat egin dezakegulakoan gaude», dio Arrate Illarok, Euskaraldiko koordinatzaileak. Euskal Herriko 412 herritan egingo da Euskaraldia –azaroaren 20tik abenduaren 4ra–, populazioaren gehiengoa bizi den udalerrietan.

Irailaren 24tik norbanako bakoitzak izen eman dezake ahobizi eta belarriprest gisa. Bestalde, 4.300 entitatek baino gehiagok sortu dituzte ariguneak, aisialdian, batzorde ezberdinetan zein eremu sozioekonomikoan ariketa berme guztiekin egin dadin.

Nolakoa izan da ariguneak osatzeko esperientzia?

Ariguneak osatzeko bi urrats nagusi eskatzen genituen. Alde batetik, entitateko arduradunek erabakitzea ariketan parte hartzeko bideari ekitea; identifikatzea zein taldetan posible diren euskarazko praktika horiek. Bigarren urratsa zen kide horiekin adostasunez erabakitzea hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egitea. Batzuk izango dira ahobizi eta besteak belarriprest. Bi urrats horiek garrantzitsuak ziren. Izan ere, azken batean, herritarrok hizkuntza ohiturak aldatzeko borondatea edukita ere, ezin dugu urrats hori eman gure egunerokoan egituratutako talde batzuetan ez bada posible, behar ditugulako baldintza egoki batzuk. Entitateetan kanpo ariguneak ere badaude, beraiekin komunikatzerakoan herritarroi praktika hori erraztu asmoz.

Ariguneak izango dira aurtengo indargunea?

Izango dira aurtengo berritasuna, baina oinarria ahobiziak eta belarriprestak dira. Horrek esan nahi du gutako batzuek parte hartuko dutela ariguneetan, gure bizitzako esparru batzuetan, baina beste batzuek ez dute arigunerik edukiko inguruan.

Aurreko edizioan ondorioztatu zenuten mezua ez zela behar bezala helarazi.

Hobetzekoen artean zegoen ez zirela ondo zabaldu ahobizi eta belarriprest rolak. Herritar batzuk lotu zituzten hizkuntza gaitasunarekin eta ez da zuzena. Ahobizia da ulertzen duten guztiekin beti euskaraz egingo duen pertsona, eta ezezagunei ere lehen hitza euskaraz egingo diena. Belarripresta da euskaraz egingo duena, gehiago edo gutxiago, baina ez beti ulertzen duten guztiekin.

Askotan, solasaldi elebidunetan, erdara nagusitzen da.

Desoreka bat dago elkarrizketa elebidunetan, ez gaude ohituta. Guk onartuta badaukagu nik gazteleraz egingo dizudala zuk euskaraz egin ezean, elkarrizketa hori erdaraz izango da beti. Baina erabakitzen badut nik zuri euskaraz egitea, agian elkarrizketa horrek aurrera egin ahala, izan daiteke zu pasatzea euskarara; eta lehenengo abiapuntuan, berezko egoeran, gaztelera da nagusi. Ondorio bat izan zen ahobizien eta belarripresten kasuan, bietan, igo egiten zela hizkuntza erabilera ariketan, eta elkarrizketa askotan euskarara pasatzen zirela bi pertsonak.

Aldaketa nabaria sumatu zenuten gaitasun txikiena duten pertsonengan edo eremu erdaldunetan bizi direnengan. Oraindik badago zer hobetu arnasguneetan?

Euskararen arnasgune deitzen diegun horietan erabileraren kezka badago. Euskaraldia ez da bakarrik eremu erdaldunetarako. Nonbaitetik dator kezka hori, uste baino gehiago pasatzen direlako erdarara eta badaudelako herriak non gazteen erabilera helduena baino altuagoa den, helduek joera handiagoa dutelako erdararako.

Gertatzen dena da aurreiritziak ere badaudela tartean eta, eremu handi batzuetan, ezagutza hain handia ez den eremuetan edo erabilera handia ez den eremuetan, aurreiritzia da ondokoak, ezezagunak, ez digula ulertuko. Bada, ezusteko asko hartu ziren Euskaraldian.

Uste duzue gazteek bultzatu dezaketela helduen hizkuntza ohituren aldaketa. Baina ez daukazue kezkarik, adibidez, nerabeen artean erdarak izandako gorakadarekin?

Bai, kontua da Euskaraldia kokatzen dugula helduen aktibaziorako ariketa moduan, badaudelako bestelako egitasmo batzuk nerabeen artean hizkuntza ohituretan eragiteko eta, neurri batean, errazena delako esatea belaunaldi berriak gazteleraz datozela. Erreferentzia helduak gara. Guraso garenean parkean hautatzen dugun hizkuntzak, adibidez, umeengan eragiten du, gazte baino lehenago ume izan direlako; eragiten du alor sozioekonomikoan nola jokatzen dugun, ezezagunekin nola hitz egiten dugun…

Bestalde, gazte eta ez hain gazteen artean Internet kontsumoa da ardatza. Mundu digital horretan urgentea da gauzak pentsatu eta egitea.

Aurreko edizioan ikerketa hiru zatitan banatu zenuten. Aldatutako inertziak mantendu direla sumatu zenuten Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera?

Bai. Egia da, halere, 11 egunetan hizkuntza ohiturei astindu bat eman ahal zaiela, baina ezin daitekeela dena goitik behera aldatu, ezta 15 egunetan ere ez.

Esaten dute 21 egun behar direla ohitura bat errotzeko.

Apurka-apurka goaz [barrezka]. Ariketa bukatu eta berehala parte hartzaileen artean igoera nabarmena nabari zen. Ariketa bukatu eta hiru hilabetera, nahiz eta jaitsiera egon, igoera zegoen ekimena hasi baino lehenagoko emaitzekin alderatuta. Horrek adierazten du eragin bat eduki zuela.

Alde batetik, hizkuntza ohituren inertziarako balio izan zuela uste dut. Baina bestetik balio izan zuen aurreiritzi batzuk apurtzen hasteko eta pertsona batzuek euren hizkuntza ohiturei buruzko gogoeta egiteko; eta hori da aurreneko urratsa hizkuntza ohitura bat aldatzeko.

Kafetegi batera joan eta lehen hitza euskaraz egitea bezalako keinu sinpleetan aldaketak sumatzea garaipen txiki bat izan daiteke? Estres soziolinguistikoa apaltzea, esaterako.

Ezezagun bati hitz egiten diogunean, badaezpada, euskaraz ez duela ulertu pentsatu eta errespetuagatik, erdaraz egiten diogu. Baina, era berean, ari gara aurreikusten pertsona horrek ez dakizkiela bi hizkuntzak [euskara eta frantsesa edo gaztelera], eta hori ere ez da oso aurreiritzi positiboa jendearekiko. Gaur egun herritarren %42k ulertzen dute euskara eta ari gara aurreikusten, probabilitatea kasik erdia izanik, ez duela ulertuko… Horrek ez du esan nahi honekin dena eginda dagoenik, dinamika batzuetan ez baita samurra euskarari eustea.

Adibidez?

Eremu batzuetan, izan geografikoa edo entitate batean, oso onartuta dagoenean gaztelera dela berezko hizkuntza, ez da erraza ahobizi izatea. Eutsi behar diozu eta batzuetan sartzen da zalantza nola hartuko zaituzten, ulertuko duten, gutxietsia sentitze hori. Askotan bi hizkuntza dakizkiena dago gutxietsita. Horregatik behar ditugu ariguneak, entitateetako arduradunek neurriak hartzea. Ezin dugu pentsatu soilik gure motxila propioa dela.

Norbanakoen aurtengo helburua zein izango da?

Bideari jarraipena ematea. Gure gizartea oso plurala da, baita hizkuntzari dagokionez ere. Kontu bat da guk zer nahiko genukeen eta beste bat da herritar bakoitzak zer nahi duen. Euskaraldiak leku egin behar dio urratsak eman nahi dituen orori.

Roletan desoreka handia egon zen, bai ahobizi eta belarripresten kasuan, baina baita emakume eta gizonezkoen artean ere. Zein da gogoeta?

Bada, badirudi, neurri batean, hizkuntzaren zaintzaren eta transmisioaren kontua, emakumeen gain dagoela, zaintzaren kontua bezala. Mintzalagun taldeetan ere ikusten da, euskaltegietako matrikulazioetan ikusten da eta Euskaraldia ez da izan ezohiko kontu bat [parte hartzaileen %62 izan ziren emakumeak]. Bada kezka eragiten duen kontu bat eta asmatu behar dugu nola heldu pertsona horiengana.

Euskararen Egunaren bueltan egiten da Euskaraldia. Beste indar bat ematen dio horrek?

Aitzakia ematen digu Euskararen Egunak garai horretan egiteko. Aurrekoan bukatu zen Euskararen Egunean nahita eta aurten nahita goaz bukatzera egun bat beranduago. Nahi dugulako hau ez bukatzea Euskararen Egunean eta hurrengo egunean jada beste gai batzuetara joan eta ahaztea.

Zeresana eman du pandemian Lakuako Gobernuaren komunikazio estrategiak, ia dena gazteleraz izan baita.

Egiteko daukagun bide luzearen adierazle bat da. Esanguratsua da oraindik zenbat daukagun egiteko euskararen normalizazioaren bidean, euskaraz egoera arrunt eta egokian bizitzeko. Zaila da asimilatzen herritar moduan. Esango nuke, Gobernuak alde horretatik eduki duela zer hobetua, beraiek ere hala adierazi dute; kontua da hobetu egin behar dela. Orain sailburu gehienak dira euskaldunak, ikusi behar da alde horretatik ea hobetzen den. Edonola ere, pandemia honetan harreman sozialak asko murriztu dira eta horrek ere asko eragiten digu herritarroi, jende guztiak ez daukalako hain gertu euskaraz aritzeko sarea.

Guraso euskaldunak ez dituzten ume horiek, esaterako, sei hilabete pasa dituzte eskola gabe eta hor atzerapausoak egon dira seguru.

Hilabete eta erdi falta da. Zein ekimen egingo dituzue norbanakoak aktibatzeko?

Zailtasun erantsi bat daukagu euskalgintzan eta orokorrean komunitatea trinkotzen lan egiten dugunok, herritarrekin bilduta egiten dugulako lan. Jende guztia ez dago sare sozialetan eta jende guztiak ez ditu ohiko hedabideak kontsumitzen. Bestelako moduak behar ditugu, kalean agertu behar dugu nolabait. Ahoz ahoko hori beti da garrantzitsua, baina, aurten, agian, inoiz baino garrantzitsuagoa izango da. Ikusgarritasuna lortzeko banderola batzuk atera ditugu, jendeak leiho eta balkoietan jar ditzan.