Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Makina parekideak

Telebista estreinakoz etxera ekarri zutenean, burua makurtu eta behetik gora erreparatu zion gailuari, beldurtuta; oihu egin zion aurkezleari, begira ez ziezaiola eskatzeko, eta hark kasurik egiten ez ziola ikusita, bizkarra eman zion ernegatuta, aparailutik zelatan ari zitzaizkiola kexu. Lau belaunaldi geroago hiru urte baino ez dituen txikiak ere oihu egiten dio gailuari irratia jartzeko eskatzen dionean. Magia kutsua hartzen dio, deigarria egiten zaio hark erantzutea eta bere esana egitea, baina arraroa ez, helduak jada ikusi ditu-eta horretan. Makinek asko erraztu digute bizimodua, amonak berak behin baino gehiagotan goraipatu zuen garbigailuaren funtzioa baserriaren atzeko aldean dagoen lixiba putzuaren koskan eserita eta guk irribarre batekin erantzuten genion, negu eta uda, hotz edo bero, bertan eta banan-banan arropak eskuz garbitzeak zer nolako lana suposatzen zuen jabetu ere egin gabe.

Egun, inteligentzia artifizialaren inguruan mintzatzen gara sarri. Makinak egiten ez, ikasten eta pentsatzen jarri nahi ditugu, autonomoak egin eta pertsonon ezaugarri kognitiboak erantsi, hala lanak erraztu eta arazoak konponduko dizkigutelakoan. Asko dira, zalantzarik gabe, inteligentzia artifizialaren erabilgarritasunak, baina horiei meriturik kendu gabe, bestelakoak ere badira, besteak beste, makinek bereizten ikastearekin batera sexu edota arrazagatik diskriminatzen ere hasi direlako. Badira jada adibide batzu-batzuk. Gailuek ereduak baliatzen dituzte eta horiek sortzean, noski, pertsonek esku hartzen dute, batik bat, prozesua gidatu eta datuak eta baliabideak eskaintzen dizkietelako; mundu ikuskera zehatza txertatu, alegia. Eta, bistakoa denez, parekidea ez den gizartean, makinek ere ezin dute hala izan.

Inteligentzia artifiziala azkar garatzen ari da eta sortzen ari diren eta sortuko diren beste teknologia berritzaile askoren oinarrian dago,  pertsonen ongizateari lotutakoak batzu-batzuk. Arazoaz jabetuta, lanean ari dira aditu asko jada, baina agian guri ere badagokigu zer, nork eta zertarako galdetzea eta ulertzea, beldurtu, ernegatu eta bizkarra emanda jarri gabe.