Pello GUERRA
IRUÑEA
URRIAK 12

Felipe VI.a eta Kolon burua galduta Iruñean, Hispanitatearen Egunean

Felipe VI.aren eta Kristobal Kolonen irudi bana zoruan eta bururik gabe utzi zituzten Iruñean, Sortuk eta hainbat herrialdetako komunitateetako kideek antolatutako performance batean. Herriak goraipatu, «Espainiako erreinuaren izaera inperiala» salatu eta urriaren 12an «ospatzeko ezer ez» dagoela aldarrikatu zuten.

Urriaren 12ko protesta-ekitaldia Nafarroako Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean egin zuten Iruñean. Bertan, Felipe VI.aren estatua bat jarri zuten oinarri baten gainean, “Espainiako Erresuma” ordezkatzen zuena, eta Kristobal Kolonena bestean, “Kolonialismoa” ordezkatzen zuena.

Bi irudi horien atzean hainbat pertsona kokatu ziren Nafarroako banderak eta ikurrinak zeramatzatela, eta letra handi batzuk erakutsi zituzten, “Gora herriak!” lema osatuz.

Ekitaldian salaketa une goren bat izan zen; hain zuzen, zenbait pertsona eskailera hartuta Felipe VI.aren eta Kolonen estatuen lepo bueltan soka jartzera igo ziren. Ondoren, askoren artean sokei heldu eta indarrez tira eginda lurrera bota zituzten. Estatuak lurrera jausitakoan burua apurtu zitzaien. Bitartean “L’Estaca” abestu zuen Foru Jauregiaren aurrean bildu zen jendeak.

Arteak ere izan zuen tarterik ekitaldian, Ekuadorreko jatorrizko dantzekin. Compartiendo Raices eta Boliviako Munata Kultur Elkartea aritu ziren, jantzi urdin eta urre kolorekoekin.

Erresistentzian segitu

Antolatzaileen izenean, Maider Lazkanok adierazi zuen urriaren 12an Iruñean «hainbat tokitako indar kolektiboak» batu zituztela, guztien artean «ospatzeko ezer» ez zutela esateko. «Elkartze horrek indartsu egiten gaitu festa inposatu baten aurrean, ez baikara ospatzen ari», adierazi zuen.

Africa United-en izenean, Anabel Oyana ordezkariak esan zuen ekintza horren helburua protesta egitea zela, «gaur egun oraindik ere kolonialismo inperialak bere horretan dirauelako, erabaki handi asko herrialdeetatik kanpoko eragileek hartzen dituztelako».

Horretaz gain, Oyanak salatu zuen Afrikako herrialde askotan Europako hizkuntzak eta txanponak erabiltzen direla, eta horrek «kolonialismo modu bat» indarrean dagoela adierazten duela, hala nola «gobernu ustel afrikar edo latinoamerikarrekin akordioak izatea beren baliabideak ustiatzeko beren onurarako, eta ez herrialdearen beraren onurarako». «Indartsuak izan behar dugu kolonialismo forma horiek desagerrarazteko borrokan jarraitzeko», eman zuen aditzera.

Beñat Hatche Embarek Sortuko euskal-saharar herritarrak honakoa adierazi zuen: «Herri eta pertsona zapalduok gogor salatzen dugu Espainiako Erresumaren festa, eta gure haserrea erakusteko betebeharra dugu. Espainiako inperialismoak benetako demokrazia ukatzen duelako, Euskal Herria herri gisa onartzen ez duelako, pertsonak jatorriaren edo azalaren kolorearen arabera modu desberdinetan tratatzen dituelako, eta indarra erabiltzen duelako bere proiektua inposatzeko».

Erresistentzian segitu

Bestalde, Fanny Carrillok, Ekuadorreko komunitatearen izenean, salatu zuen Amerika ez zela aurkitu, arpilatu egin zela, eta gaineratu zuen estatuek herrien historiari buruzko hausnarketa etengabea sustatu behar dutela, giza eskubideen gainean azpimarra eginez.

Nikaraguako Mujeres del Maíz elkartearen izenean, berriz, Jannisa Lamar mintzatu zen: «Hemen gaude kolonialismoa, inbasioa, esplotazioa eta zapalkuntza salatzeko, eta Nikaraguan, baita Latinoamerika osoan ere, biktima izaten jarraitzen dugulako; hemen gaude hau guztia gera dadila eskatzeko. Gure herriek aurre egiten jarraitzen dute, eskulan merkeko peoi gisa esportatzen gaituzte, eta Estatu espainiarrak armak saldu ditu gu zapaltzen jarraitzeko. Baina ez gara esklaboak, utz diezaiogun men egiteari, erresistentzian jarraitzen dugu, atzerako urratsik ez!».