GARA
DONOSTIA

Diru bilketaren jaitsiera %20tik beherakoa izatea espero du Gipuzkoak

Aldundiak espero du diru bilketaren jaitsiera %20tik beherakoa izatea, 2019ko kanpainaren emaitza «oso onei» esker. Hala ere, bihar Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera egin arte itxaron beharko da covid-19ak EAEko kutxa publikoetan duen eragina ezagutzeko.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak atzo adierazi zuenez, diru bilketaren beherakadaren behin betiko zenbatekoa «%20tik behera egongo da». Nabarmendu zuenez, 2019ko kanpainako datuak «oso onak» izan dira, eta, beraz, covid-19aren eragina ez da uste bezain handia izango.

Mendozak agertu zuenez, Foru Aldundiak pandemiaren hilabeteetan aurreikusi zuen koronabirusak eragin izugarria izango zuela Gipuzkoako kutxetan, baina, aurreko urteko diru bilketaren kanpainak amaitu ondoren, emaitzak «oso onak» izan direla ziurtatu zuen, eta eragin hori murriztu dezakete. Hala ere, jakinarazi zuen datuak Finantzen Euskal Kontseiluak ostegun honetan egingo duen bileran zehaztuko direla.

Neurri fiskalak

Gipuzkoako foru bozeramaileak adierazpen horiek Foru Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan egin zituen, non dekretu/arau berri bat onartu zen zerga-arloko presazko neurri osagarriak biltzen dituena, covid-19aren ondorio batzuk arintzeko. Erabakiak EAEko Tributuen Koordinaziorako Organoak hartu ditu, Arabako eta Bizkaiko foru ogasunekin eta Lakuarekin lankidetzan. Horien artean daude, besteak beste, autonomoak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2020ko hirugarren hiruhilekoaren ordainketa zatikatua egitetik salbuestea, zerga berdinean gutxieneko diru sarrera salbuestea eta Lakuak emandako zenbait laguntza, alokairuarekin edo bonuekin lotutakoak.

Erabaki eta neurri horien bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak «eragin berezia izan duten kolektiboak babestea eta, aldi berean, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen egoera hobetzen laguntzea» du helburu, Mendoza bozeramaileak agertu zuenez.