Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Plaza publikoa, sariak aitortua

Osatu da Euskadi Literatura Sarien zerrenda. Uxue Alberdirentzat da euskarazko saiakerakoa, «Kontrako eztarritik» obrari esker. Aixa de la Cruz gaztelerazko literaturan gailendu da «Cambiar de idea» lanarekin, Idoia Santamaria itzulpenean «Aldibereko» obrarekin eta Borja Barrague gaztelerazko saiakeran «Larga vida a la socialdemocracia» lanarekin.

Hamabost bertsolari emakume batu eta elkarrizketatu zituen Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) idazle eta bertsolariak. Haien bizipenak jaso eta plaza publikoa hitzez hartzearen ahalduntzeak dakarrena aztertu zuen. Horiek guztiak teoria feministarekin gurutzatu zituen ondoren. Munduko hainbat pentsalarik, bereziki literaturan eta artean, guk baino lehen pentsatutakoak haien bizipenekin uztartu zituen egileak, Alberdik uste baitu «besteek pentsatutakoak balio duela guretzat, eta geuk bizitakoak balio duela besteentzat». Bada, “Kontrako eztarritik” (Susa) izenburuarekin Lisipe bilduman argitaratutako saiakerak, 2020ko Euskadi Literatura Saria jaso du, euskarazko saiakeraren kategorian.

Minek zipriztindutako lana dela ez zuen ezkutatu atzo Alberdik, zapalkuntza eta biolentzia aipatu zituztelako hamabost emakume bertsolariek hainbatetan. Baina ez hartu okerreko ideiarik: saritutakoa ez da bertsolaritzari buruzko saiakera, lagin maneiagarria baino ez da beste jardunetan ere gertatzen dena irudikatzeko. Bizipenak jaso ostean, 22 patroi definitu zituen Alberdik «emakume guztion mintzo publikoa kimatzeko, menosteko, ebasteko. Guk bizitakoa ez dugu guk bakarrik bizi», ohartarazi zuen. «22 patroi horien bitartez esplikatu daiteke nola egiten den gizaki libre bat emakume bihurtzeko, baina iruditzen zait falta dena dela bestea. ‘Zer da emakume bat mugimendu marjina mugatua duen izaki bat ez bada?’, esan ohi da, baina, aldiz, gutxitan aipatzen da ‘nola egiten da gizon bat?’».

Saiakeraren tesi nagusiak halaxe dio: badago martxan sistema bat gizonak eta emakumeak sortzen dituena kategoria moduan eta euren arteko botere harremana ezartzen duena.

Iragan astean Euskadi Sarietako lehen hiru sarituak ezagutarazi ondoren iragarri ziren atzo Donostiako San Telmo Museoan azken lau irabazleak.

De la Cruz eta Santamaria

Gaztelerazko literaturako saria Aixa de la Cruz (Bilbo, 1988) idazlearentzat izan da, “Cambiar de idea” (Caballo de Troya) lanagatik. Ingeles Filologian lizentziatua eta Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan doktorea, bere bizitzako une esanguratsuak bildu ditu obra sarituan, narrazioa, saiakera eta kronika nahastuz.

Ramon Ederrek zuzendutako epaimahaiaren arabera, «lan apurtzailea da bere gaian eta berritzailea bere diskurtsoan. ‘Ni’-aren azalpen bat proposatzen du eta, aldi berean, ‘ni’ hori zalantzan jartzea, errealitatea ikusteko modu desberdinak erabiltzeko aukera ematen baitu».

Duela hiru urte idatzi zuen De la Cruzek eta, lanarekin distantzia hartu badu ere, «minez eta amorruz» betetako garaietan idatzi zuen. «Oso baldintza zailetan ondutako lana da», aitortu zuen. Emakume asko elkarrizketatu zituen, erasotakoak, mehatxatuak, bortxatuak. Horregatik, «beste emakumeei zor» zien liburua zela esan zuen.

Pixkanaka, lanorduetatik kanpo egindako lanaren fruitua da Idoia Santamariaren “Aldibereko” (Erein&Igela). Bada, ahaleginak saria izan du: euskarazko literatura itzulpenaren saria jaso du donostiarrak, Ingeborg Bachmannen bost ipuinek osatutako obra gure hizkuntzara ekartzeagatik. «Bachmannen prosa alemanez irakurri duenak badaki ez dela irakurlearentzat erraza, eta askotan lan nekeza dela hitz egiten ari direnen ahotsak, gogoetak eta are narratzailearena bereiztea. Idoia Santamariaren euskarazko itzulpenean ondo ezagutzen dira alemanezko istorioetako gizon eta emakumeak, eta itzultzaileak harturiko erabaki batzuen ausardiari zor zaio», aitortu du epaimahaiak.

Bere lehen saiakera

Zuzenbidearen Filosofian irakasle, Borja Barragueren (Donostia, 1981) lehen saiakera lana izan da “Larga vida a la socialdemocracia” (Ariel). Beretzat izan da gaztelerazko saiakerako saria. Erronka handiena, egileak berak aitortu zuenez, publiko zabalak ulertzeko moduko hizkuntza erabiltzea izan da.

Liburuak «dilema klasikoak» jartzen ditu mahaia gainean, «ausardiaz». Sozialdemokraziak funtsean esaten zuena gogora ekarri eta gaur egunera egokitzea proposatzen du egileak. «Argia da eta ironia dago, eta proposamen ireki gisa egindako saiakerak galderak irekitzen ditu, pentsarazten ditu eta belaunaldi desberdinak lotu ditzake».