2020/10/16

Independentziak inoizko babes handiena dauka Eskozian
GARA|EDInBURGO

Eskozian independentismoa maximo historikoetan dabil, azkeneko inkestan %58ko babesa jaso ostean. Beste inkesta baten arabera, gainera, herritarren %75ek babestuko lukete, betiere independentziaren hautuak ekonomia hobetuko balu.

Londresko Ipsos Mori enpresak egindako inkestaren arabera, eskoziarren %58k baiezkoa bozkatuko lukete independentziaren inguruko erreferendum berri batean. Erabakia oraindik hartuta ez dutenak kenduz gero, eskoziarren %42k egingo lukete Erresuma Batuan jarraitzearen alde. Botoa erabaki gabe dutenak ere kontuan hartuz gero, berriz, eskoziarren %55ek egingo lukete independentziaren alde eta %39k aurka. Herritarren %6k zer bozkatuko luketen ez dakitela adierazi dute.

Horiek horrela, independentismoak inoizko babes zabalena du uneotan Eskozian. Nicola Sturgeon premier eskoziarrak ez du aukera galdu bere iritzia emateko: «Ez naiz inoiz ziurrago egon Eskozia independente izango dela». Ipsos Mori enpresako zuzendari Ben Pagek, berriz, galdera argigarria utzi du mahai gainean: «Erresuma Batuaren amaiera ote?».

Inkesta urriak 2tik 9ra egin zuten eta parte hartu zutenen %64k esan zuten maiatzeko hauteskundeetan SNPk gehiengoa lortuko balu Erresuma Batuak independentziaren inguruko bigarren erreferenduma egitea onartu beharko lukeela bost urteko epean.

Ekonomia, ardatz

Independentziarako bidean, Brexita eta koronabirusa dira eztabaidagai nagusiak. Eta guztiaren gainetik, ekonomia jartzen dute eskoziarrek, EBtik irtetearen eta osasun krisiaren ondorioen beldur. Hala, Survationek egindako inkesta baten arabera, herritarren %75ek babestuko luke independentzia ekonomiari ongi eginez gero.