Jon ORMAZABAL
BINAKAKO TXAPELKETAREN MATERIAL AUKERAKETA

Normaltasun burbuila bat ziurtasun ezaren erdian

Kanpoan den zarata guztiaren erdian, burbuila moduko bat izan zen Binakako finalerako material aukeraketa. Publikorik eta finalistetako bat –Martija– gabe egin zen, baita finala jokatuko den jakin gabe ere. Beraz, ezin esan ekitaldia normaltasunez joan zenik, nahiz protagonistak horretan saiatu. Materialak, behintzat, ez zuen aitzakiarik izan.

Normaltasun oasi bat kaosaren erdian, horixe izan zen pilotari eta enpresetako ordezkariek atzoko material aukeraketarekin irudikatzen saiatu zirena. Normaltasunetik urrun daude, ordea, gaur-gaurkoz, pilotalekuak, eta eraikitako burbuila hauskorra da oso. Zalerik gabe, finalistetako bat, Julen Martija, partida baina hiru egun lehenago etxean bakartuta dela eta finala jokatuko den ziurtasunik gabe –gaurko espero da ELAk eskatutako kautela neurrien inguruko erantzuna– zaila da betiko protokolo eta ohiturei eustea. Apenas hitz egin zen atzo faboritoei –pilotariek horren gutxi maite duten galdera hori ez zen prentsa aretoan agertu–, apustuei edo balizko ospakizunen inguruan, partidaren giltzen inguruan ere gutxi galdetzerik zegoen finala jokatuko den edo nortzuk jokatuko duten inork ez dakien honetan. Galderek asko izaten jarraitzen dute, baina erantzunik ez da.

Martxoaren bigarren astetik Martin Alustizaren etxean gordeta egon den pilota sortak ere normalean baino arreta gutxiago piztu zuen, hein handi batean, sarri polemika iturri izan ohi den materiala hiru pilotarien –Ezkurdiak Jon Apezetxearen laguntza izan zuen– oso gustukoa izan zelako. «Gure aldetik oso gustura amaitu dugu, Josebarenak ere probatu ditugu eta guztiak ere frontoi honetarako oso egokiak iruditu zaizkigu», azaldu zuen Aimar Olaizolak. Bere atzelaria izango den Mikel Urrutikoetxeak pilota guztiak oso antzekoak direla azaldu zuen, nahiz eta eurek aukeratutakoren bat Aspeko bikotearena baino biziagoa izan daitekeela onartu.

Joseba Ezkurdiak ere gustura amaitu zuen eta, azaldu zuenez, «Julenek jokatuko duela pentsatuz aukeratu ditut, txapelketa guztian aukeratu ditugunen antzekoak dira». Martijak jokatzerik izango ez balu, Zabaleta arituko litzateke bere ordez eta, Arbizukoaren esanetan, 2018an txapela jantzi zuenenean lagun izan zuen atzelariak «edozein pilotarekin jokatzen du ondo».

Piloten pisuaz ere inor gutxi oroitu zen atzo, baina hemen ere apartekorik gutxi. Baikoko bikotearenek 105,2, 105,5 eta 106 gramoko pisua eman zuten, Ezkurdiak aukeratutakoek 105,5,; 105,8 eta 106,1.

Soka, tinkoago

Epaileek esango dutenaren zain, Baikoren eta greban diren pilotarien arteko harremanek orain astebete bezain urrun edo urrunago jarraitzen dute. Azken bileratik pilotariek ez dute biltzeko inolako deirik izan. Gainera, izandako keinu bakarrak kontrako norabidean izan dira. Esaterako, aspaldi egin gabeko zerbait egin du Baikok: gaurko hiru partidako jaialdi bat iragarri du Bilbon –ETBk Amezketakoa eskainiko du Aspeko pilotariekin–. Bertan Oinatz Bengoetxea da jokatzera deituetako bat, baita bihar Etxebarrin ere, hirugarren aldiz sei greba egunetan.

Olaizola II.a: «Adin honekin ez daukat ezer demostratu beharrik»

Enpresaren inguruan sortutako zalapartak kezkatzen duela aitortu arren, Aimar Olaizolak ez zuen atzo gaiaz hitzik egin nahi izan, burua igandeko partidan izan nahi baitu bere azken finala izan daitekeenaren atarian. Era berean, Julen Martijak jokatzea nahiko luke, Etxeberrikoa izan baita finalerako txartela eskuratu duena eta ez litzatekeelako bidezkoa izango kantxan lortutakoa defendatu ezin izatea.

41 urte betetzear, Goizuetakoak badaki ez zaizkiola halako aukera askorik geratzen, baina horrek ez omen du kezkatzen. «Adin honekin eta eman dudan mailarekin ez daukat ezer demostratu beharrik. Azkenaldian, azken urte hauetan, alde horretatik behintzat inolako presiorik ez dut, ni disfrutatzera irteten naiz eta horrek bere alde ona eta polita badu. Adin honekin finalean egotea niretzat sari bat da, eta, presioa izan ordez, indarra eta guzti ematen dit», azaldu zuen Olaizola II.ak.

Bere ibilbide oparoan goizuetarrak jokatuko duen 26. finala izango da, jokatzen bada, igandekoa, Binakako Txapelketako zortzigarrena Urte hauetan guztietan ia denetarik ikusi duen arren, ez du ezkutatzen, aurtengoa izango dela bizitakoetan «bereziena eta arraroena». Pena ematen dio aurrelariari pilotarien jokoaz edo jokatutako partidez aritu beharrean, azken bizpahiru asteotako berri eta komentario gehienak enpresan dauden liskarren ingurukoak izatea, «baina guk komentario horietatik kanpo egoten saiatu behar dugu, partida oso garrantzitsu bat daukagu eta aurrean».

Ezkurdia-Martijaren aurka Astelenan jokatutako partidan zenbait zalek txistu egin zioten sakea ateratzera joan zen bakoitzean, baina ez zion aparteko garrantzirik eman nahi izan detaile horri. «Ez da hori geratzen den lehen aldia, nire kontra aritu den bakarren bati ere gertatu zaio. Beste gauza bat da frontoi osoa txistuka baduzu. Baina 1.000 pertsona badaude eta esan nuen bezala lau ‘listok’ txistu egiten badizute ez dit ardura, are gehiago, motibatu egiten nau. Jendea esker onekoa da eta ez da arazorik egoten. Hori bai, normalean seinale ona da, erraz galtzen bazoaz ez dizute txisturik jotzen».J.O.

Urrutikoetxea: «Argi daukat nire lekua aurreko koadroetan dagoela»

Aimar Olaizolaren esanetan, ez dugu behar adina baloratzen Mikel Urrutikoetxea lortzen ari dena, bere ohiko aurrelari posiziotik at, bigarren txapela eskuratzeko moduan baita Zaratamokoa. «Halakorik sekula ez da ikusi eta, nire ustez, ez da ikusiko». Bizkaitarrak onartu du kosta egin zaiola pixka bat postu berri horretara ohitzea, bereziki udan berriz ere aurrean jokatzen aritu baita, baina, «ondo egonda, bi postuetan disfrutatzen dut».

Justu Ezkurdia-Martijaren aurka, Eibarren, jokatu zuen, ziurrenik, atzelari bezala bere partidarik onena. Baina bertan erakustaldia eman zuen arren, bere burua aurrelaritzat du Zaratamokoak. «Erakustaldia eman banuen, Aimarrekin jokatuta izan zen, partida handia jokatu eta gauzak asko erraztu zizkidalako. Bien artean partida ona egin genuen, baina egia da atzelari handiak egonda, niri apur bat kostatu egiten zaidala, ez delako nire postua. Nik argi daukat nire postua aurrean dagoela eta hala jarraitu nahi nuke».

Gorabehera handiak izan ditu azkenaldian, lesioak, amaren galera, aitatasuna... eta horrek guztiak oso berezia egingo luke txapela lortzea. «Buruz Burukoaren ondoren ezin izan nuen kaiolakoa jokatu lesio baten erruz, Binakakoa zalantza handiekin hasi nuen, asko kosta zitzaidan. Pertsonalki ere sufritu dut eta irabaztea handia litzateke».J. O.

Ezkurdia: «Gosez jokatu behar dugu»

Joseba Ezkurdiak argi samar dauka Eibarko partidan kanpoko zarata guztiak askoz gehiago eragin ziela eurei Olaizola-Urrutikoetxeari baino. Horregatik, argi dauka Martijak eta berak –Julenekin jokatzea baino ez dauka buruan– nola irten behar duten igandean kantxara. «Julenek eta biok argi daukaguna %100ean gure jokoa egin behar dugula da. Aurrekoan bezala, abantaila hartzen badigute... Zalantzak sartu zitzaizkigun, ez genuen gurea egin eta, zalantzekin jokatzen duzunean, Aimar eta Mikel bezalako pilotariak gainetik pasatzen zaizkizu. Garbi daukagu erasokor, oldarkor irten behar dugula; gurea ondo egin, erritmoa jartzen saiatu eta gutxi gorabehera Labriten –Jaka-Zabaletaren aurka– jokatu genuen tankerako partida jokatu behar dugu. Guk agindu behar dugu, pilota gosez jokatu; nik uste dut frontoira amorrazioarekin etorri behar dugula, gogo askorekin. Ea horrek balio duen, partida ona egiten dugun eta gustura goazen etxera», azaldu zuen.

Arbizukoak uste du aurkariak hobeto heltzen direla finalera, baina Martijak erabateko bermea ematen omen dio. Alde horretatik, partida luzatzeak ez dio inolako beldurrik ematen. Finaletan sekulako bolada darama, jokatutako hirurak irabazi ditu orain arte eta, noski, marka horri eutsi nahiko lioke.J.O.