Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Lotsak

Lotsa zer den (Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera): «Ohorea galtzeak, egin den hutsak, hartu den irainak edota zenbait pertsonaren aurrean egoteak sortzen duen sentipen ezatsegina», baita «moralaz, eta, batez ere, sexuaz, gizarteak eskatzen duen jokabidearekiko begirunea» ere. Lotsa zer den, zein genero dugun esleituta gure bizitzaren alderdi guztiak baldintzatzen dituen jendarte honetan: emakumeontzako inhibitzaile ezin boteretsuagoa; gizonek emakumeak –eta emakume batzuek beste emakume batzuk– mendean izateko arma mehatxagarria.

Izan ere, generoaren arabera, ohorea, hutsa, iraina, jendaurreko presentzia, morala, sexu-jarduna... ez dira bat eta bakarra, ez dira neurri beraren arabera juzgatzen, eta, ondorioz, batzuei eta besteei ez zaizkigu berdin zikintzen eta suntsitzen. Besteak beste, lotsaren eragin horregatik, zeina, sakonean, beldurra besterik ez den; beldurra ingurukoek ez digutelako berdin begiratuko, ez gaituztelako berdin errespetatuko, ez gaituztelako berdin maiteko.

Beharbada, horregatik sentitzen dute lotsa, orain, Sergi Enrich eta Antonio Luna futbol-jokalariek duela lau urte egin zuten ekintza mespretxagarri harengatik: biek neska batekin izandako sexu-harremanak grabatu eta bideoa besteri erakutsi, neskaren baimenik gabe eta hura engainatuta. Lotsatuta daude mutilak, orain, neskari eragindako guztiagatik, ez ziotelako minik egin nahi, ez ziotelako bizitza hondatu nahi... ez zutelako halako ezer gertatzerik nahi, eurek jasan beharreko inolako ondoriorik: salaketa, epaiketa publikoa, epaiketa judiziala, zigorra...

Orain dela lau urte, ordea, lotsa sentipena urrun asko zegoen haiengandik, ohore eta moral eta hitzemate kontzeptuak bezalaxe, arrazoi bakar honegatik: jendarteak aise onartu ez ezik, miretsi ere egiten ditu gizonezkoen sexu-balentriak (porno hegemonikoari esker, halako biren eta andre baten arteko ménage à trois antsiatua, bereziki), emakumeonak mespretxatzen eta zigortzen dituen hein berean; autoestimu- eta, haien berdinen begietara, mirespen-koskak dira beren prestigio sozialean. Sexuarekin lotutakoaz harago ere, maila laboralean eta ekonomikoan, adibidez, alboko emakumeen lepotik elikatzen duten prestigio sozial horretan. Inolako lotsarik gabe.

Bien bitartean, hemen gabiltza munduaren beste erdia gure lotsa heredatu, inposatu eta ederki sustraituriko guztiak gainditzeko borrokan, gure ohorea, prestigioa, geure neurriaren eta balioen arabera eraikitzen utz diezaguten.