GARA
BILBO

Azpikontratetakoak ere, Osakidetzako greba egunetan protestara

EAEko osasungintza publikoko garbiketa, garraio eta sukaldaritza zerbitzuetan jarduten duten azpikontratetako langileak grebara deitu dituzte ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek; hain justu, Osakidetzan lanuzteak antolaturik dauden egunetarako: urriaren 29an Araban, azaroaren 5ean Gipuzkoan eta azaroaren 12an Bizkaian.

Bost sindikatuok atzo Bilbon egin zuten agerraldian jakinarazi zutenez, azpikontratetako langileak kexu dira: behargin falta, segurtasun neurririk eza, soldata prekarioak eta hutsik geratzen diren lanpostuak –dela oporrengatik, dela bajengatik– ez direla betetzen salatzen dute. «Egiturazko gabezia horiek larriagotu egin dira bizi dugun pandemia egoeran», azaldu zuten. Hori dela-eta, eskaera egin zieten Osakidetzari eta Lakuako Gobernuari beren «erantzukizunaren kargu egin daitezen, zerbitzu horiek pribatizatzearren hartutako erabakian atzera egin dezaten eta zuzenean beren eskumen bilaka ditzaten, gaur egungo lanpostuak bere horretan mantenduz eta lantaldeak handituz, baldintza ekonomiko eta sozialak homologatuz».

Atzo iragarritako lanuzteek SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek Osakidetzan deitutako greba egunekin kointziditzen dute. Osasun Sailak protestaren aurka egin zuen, «deialdia ez delako ulergarria aldebiko bilerak egiten ari diren une honetan».

Protestak, pilatzen

Egoeraren larritasunak, ordea, ez du soilik kezka osasungintza arlora ekarri: zaintzarena da kolpatuen ageri den beste sektoreetako bat. Horren erakusgarri da adinekoen egoitzetako, eguneko zentroetako eta etxez etxeko laguntza zerbitzuetako erabiltzaileen sendien hainbat elkartek eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak atzo, Bilbon, egindako prentsaurrekoa. Hauek ere mobilizatzeko beharra ikusi dute erakunde publikoen arreta erakarri eta egoiliarrek bizi duten egoera salatu eta, ahal den neurrian, iraultzeko: manifestazioak deitu dituzte Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean, hilaren 31rako.

Zerbitzuon kalitatea gero eta «eskasagoa» dela adierazi zuten: «Aurrekontuen murrizketek, zerbitzuen pribatizazioak, langile faltak, lan baldintza prekarioek eta administrazioek ikuskaritza lanei muzin egiteak hondatu egin dute».

Egoitzak «isolamendu zentro» bihurtu direla salatu zuten eta onartezintzat jo pandemiaren bigarren olatuan hainbeste kutsatze eta heriotza gertatzea. «Protokoloak ez dira betetzen, edo ez dira nahikoak. Langileek eta egoiliarrek ez dute, askotan, beharrezko prebentzio neurririk. Ez dago espazioen kudeaketa egokirik eta ez da kalitatezko arreta pertsonal eta kolektiboa bermatzen», zehaztu zuten.