Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Egin zitekeen

Esango didazu VARak ez duela futbolean ere taxuz funtzionatzen. Erantzungo dizut bizitza ez dela futbola. Eta bizitzan, iragana kritikoki arakatu eta aztertzea da ikasteko modu bakanetako bat. Jakinik orain eskueran diren tresnak agian ez zirela horren eskuragarriak azterkizun direnak gertatu zirenean.

Baina egin beharrekoa da hori covid-19 gaitzaren gertaera historikoaren aurrean. Are gehiago bigarren, edo enegarren, agerraldiaren zurrunbiloan ito beharrean gabiltzanean.

Ekidin, saihestu ote zitekeen anabasa hau guztia da oraintxe galdera potoloenetako bat. Eta erantzuna, behingoz, biribila da: bai. Egin zitekeen. Garaiz, garaiko baliabide eta jakinbideekin heldu balitzaio, amatatu zitekeen covid-19a. Bere garaian Ebola edo Sars-Cov-1a amatatu ziren bezala. Esparru mugatu batean eragin larria izango zuen, baina mundu-mailako pandemia bilakatu gabe.

Nola egin ere ez da aparteko misterioa. Mendebalde osoa bigarren olatuaren jazarraldia pairatzen hastearekin, sarkastikoa lirudikeen espektakulua ikusi du ikusi nahi zuenak: «Urrezko Astea» seiehun milioi joan-etorrirekin ospatu zuen pandemiaren lehen agertokia izan zen Txinak. Eta, hura amaitu eta ia bi aste kritikoak jada igaro direnean, dirudienez, ez da ondoriorik izan epidemiologikoki. Eta gero eta argiago dago ekonomikoki krisiari buelta ematen ari zaion ekonomia bakarra dela Txinakoa. Beraz, egin zitekeen.

Esango dit norbaitek hango sistema politiko autoritarioagatik izan daitekeela hori. Ez da egia: teknika epidemiologiko berberak –arriskuari garaiz heldu eta hura suntsitzeko baliabide guztiak erabiltzea–, guztiz bestelakoa den sistema politiko batean ere, Zeelanda Berrian, emaitza berbera erdietsi du. Edo Islandian. Irlak direlako ote? Zerikusia izango du. Baina uhartetasunak ere ez du guztia argitzen, ezta gutxiagorik ere.

Argigarria da oso birusa Europa osora zabaldu zuen Tiroleko Ischgl eski-estazioan martxoko lehen bi asteetan gertatu zenari buruzko ikerketa batzordearen txostenak kontatzen duena. «Iraganeko hutsegiteetatik ikasteko» esaten du. Egin daitekeen guztia egiteko, alegia.