«Espektatibek motibatzen eta lanean jarraitzera bultzatzen gaituzte»
23 urte besterik ez dauzka, baina zortzigarren denboraldia du aurtengoa jokalari irundarrak Realaren kamiseta jantzita. Talde zuri-urdinaren hazkundearen lekuko zuzena eta parte ukaezina izan da, eta orain ibilbide horren hurrengo urratsekin gozatzeko irrikan dago.

Ezin hobeto ekin dio Realak denboraldi berriari. Garaipenek eta, batez ere, taldeak eskainitako irudiak bere inguruan azken hilabeteotan sortutako ilusioa hauspotu dute. Inguruan... eta aldagelan bertan.
Reala lehian ikusteko gogo handia zegoen. Behin txapelketa hasita, zer transmititu dizu taldeak?
Batez ere, talde bat garela ikusi da, nahiz eta indibidualki oso gauza onak izan. Oso ondo lehiatu garela eta izan dugun intentsitatea azpimarratuko nuke. Baita denboraldi-aurre luze honetan gauza asko ondo lantzeko denbora izan dugula ere.
Entrenatzaile berria, fitxaketa entzutetsuak... Aldaketa sumatu duzu edo ibilbide baten hurrengo urratsa besterik ez da?
Gauza berriak landu ditugu, normala da. Baina nik uste dut Natalia hona etorri zela taldea gustatzen zitzaiolako eta, batez ere, praktikatzen genuen jokoa. Eta ikusten ari da jokoa berez ez dela asko aldatu: intentsitatea nahi dugu, baloia eduki... Ardatz nagusiak ez dira aldatu.
Ibilbide hori norantz doa? Zeintzuk dira zure espektatibak?
Nik beti uste dut partidaz partida joan behar garela eta puntuak hirunaka batzen saiatu. Epe luzeko helburuak ere horrela lortzen dira. Eta nik konfiantza handia daukat talde honengan, goian egoteko eta Ligako talde handienekin lehiatzeko gai izango garela espero dut.
Pauso hori emateko, zer da zelai gainean eman behar dena? Zer gehitu behar dio taldeak orain arte egindakoari?
Orain arte ibili dugun bideari jarraitu. Azken urteotan pauso handiak eman ditu Realak, baina ezin dira denak batera eman, Adibidez, talde gaztea gara eta ezin duzu horren alde onak aukeratu eta txarrak kendu. Gure bidean, bertuteak sendotzen eta akatsak zuzentzen goaz. Adibidez, orain izan daiteke unea egoera guztiak kudeatzen hobetzeko eta, horren ondorioz, erregularragoak izatea lortzeko.
Hobetzeko aukera beti dagoen arren, oso talde polita egin du Realak aurten eta ezin hobeto hasi da. Inguruan ere nabaritzen da. Nahiz eta aldagelatik irteten den mezua ere anbizio handikoa izan, nolabaiteko bertigoa sortzen du inguruko giroa hain baikorra izateak?
Ez; izan ere, motibatzen gaituela esango nuke. Guk sortu dugu ilusioa gure lanarekin eta, beraz, giro horrek indartu egin behar gaitu. Eta horregatik ere, jendeak gugan konfiantza izateak eta espektatiba altuak izateak ez dute presiorik sortu behar, baizik eta lan egiten jarraitzeko, goian egoteko eta helburu politak lortzeko dugun gogoa hauspotu.
Espektatiba altuek badute zerikusia egindako fitxaketekin ere. Zer iruditzen zaizkizu?
Kristoren fitxaketak dira, sekulako mailako jokalariak etorri dira. Gemmak gainera esperientzia handia dauka Lehen Mailan, Maitanek ere bai, Amaiurrek eta Nuriak askoz gutxiago, baina taldeari eskaintzeko moduko gauza asko... Ikusi da partida hauetan zenbat ematen dioten taldeari.
Taldeari asko eman baina batzuei lekua «kendu». Depor-en aurkako hamaikakoan etxeko hiru jokalari besterik ez zeundeten.
Goi mailako lehiaketa bat da eta maila eta exijentzia gero eta handiagoak dira. Fitxaketekin taldekide guztion maila igotzen da, barne-lehia gogorragoa delako. Eta gainera, alde batetik, hain denboraldi luze eta gogorrean denok edukiko ditugu minutuak; eta, batez ere, nabaria da denok itsasontzi eta norabide berean goazela.
Ez dakit Maitaneren eta Gemmaren fitxaketak ezagutzean hotzikara sentitu ez ote zenuen, zure postuan jokatzen baitute.
Ez, irakurketa berbera izan zen. Hobetzeko gogoa pizten dizu hain jokalari onak etortzeak. Barne-lehia, lan-saioen maila handitzea... Ona da.
Edozein kasutan hamaikakoan lekua mantendu duzu, beste postu batean bada ere. Argi dago entrenatzaileak ez zaituela galdu nahi.
Oso pozik nago. Argi daukat bi partida besterik ez direla izan eta gogor lan egin beharko dudala hor jarraitzeko, baina azken finean hori da hona ekarri nauena, gogor lan egitea.
Egia da Nataliak pixka bat aurrerago jartzen nauela, rola pixka bat desberdina dela, azken urteotan pixka bat defentsiboagoa izan naizelako. Baina gustura eta oso pozik nago.
Tira, areara heltzea beti gustatu zaizu. Orain gertuago daukazu.
Gustatu bai, eta heltzeko erraztasuna-edo badaukat. Baina gero atea txiki egiten zait! Ea orain hobeto ibiltzen naizen.
Hurrengo astean izan beharko da, Liga gelditu baita. Goizegi.
Batez ere, guretzat, bi partida besterik ez ditugula jokatu. Eta gainera hain uda luzearen ondoren berriro bi aste entrenatzen bakarrik... Hurrengo aste gogorrak ondo prestatzeko balioko digula pentsatu beharko dugu.
Horrela da, ondoren bost partida bi astean jokatuko dituzue. Denboraldian zehar horrelako une gehiago egongo dira.
Bai, ondo kudeatu behar dira. Ez bakarrik fisikoki, mentalki ere nekagarria izan daiteke. Horrelako egoeretara ondo moldatzea oso garrantzitsua da, aldea marka dezake. Eta hain lehiaketa gogor eta berdinduan xehetasun guztiak zaindu behar dira.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
