Pepe Mujicak agur esan dio Senatuari, politika gustuko duela baina «are gehiago, ez hiltzea» argudiatuta
Uruguaiko lehendakari ohi Jose Mujicak (2010-2015) atzo egin zion uko ofizialki Senatuko jardunari eta, beraz, politikan atzeko planora igaroko da 85 urte dituela. Hain zuzen ere, adinak eta pairatzen duen gaixotasun immunologikoak bultzatuta erabaki du Uruguaiko Senatua uztea legealdia amaitzeko ia bost urte geratzen direla.
«Birusak albo batera utzi nauelako, 85 urte ditudalako eta gaixotasun immunologiko bat daukadalako. Izugarri gustatzen zait politika, baina are gehiago gustatzen zait ez hiltzea», arrazoitu zien Mujicak kazetariei, Goi Ganberara sartzean.
Uruguaiko departamentu eta udal hauteskundeak egin ziren igandean iragarri zuen lehendakari eta preso ohiak Senatuari uko egiteko asmoa. Dena dela, ez du politika guztiz utziko. Berak adierazi zuen Herri Partaidetzaren Mugimendua alderdiko kideen «aholkulari» gisa ikusten duela bere burua. Alejandro Sanchezek hartuko du Mujikaren lekua.
«Gorrotoa maitasuna bezalako sua da, baina maitasuna sortzailea da eta gorrotoak suntsitu egiten gaitu», esan zuen.
«Nik akats ugari ditut, pasionala naiz, baina nire lorategian duela hamarkada batzuk ez dut gorrotoa lantzen, bizitzak inposatu zidan ikasbide gogor bat ikasi nuelako; gorrotoak tuntundu egiten gaituela, objektibotasuna galarazten digula», erantsi zuen.
Mujikarekin batera, Colorado alderdiko lider Julio Maria Sanguinetti lehendakari ohiak ere (1985-1990 eta 1995-2000) uko egin zion Senatuari. Tabare Vierak ordezkatuko du.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
