Oihane LARRETXEA
BILBO

«Anfetamiña», izan ziren poemak oraindik badira

Rock eta pop iluna, poesia eta ikus-entzunezkoa, Xabier Montoiak 1983an idatzi zituen poemei begirada garaikide bat emateko. Erronkaz beteriko prozesuaren ostean, Muga taldeak «Anfetamiña» liburua ikuskizun artistiko bihurtu du. Loraldian emango du gaur, Bilbon.

Aspalditik zuen buruan bueltaka; onartzen du «fijazioa» zuela Xabier Montoiak 1983an argitaratu zuen “Anfetamiña” (Susa) lehen poema liburuarekin. Letrak orrietatik askatu, musikaz jantzi eta oholtza gainera eraman, zuri-beltzeko irudiez lagunduta. Alberto Gonzalezek abiatutako bidea luzea izan da, eta tarteka zaila, baina 2014an lehen pausoak ematen hasi ondoren, gaur bertan Loraldian eskainiko du, Muga taldea osatzen duen kideekin batera, liburu hartaz egin duen egokitzapen berezia. Literatura, poesia, musika eta ikus-entzunezkoa nahasiko dituzte, Euskararen Etxean 19.30ean hasiko den saioan. Sarrera guztiak agortuta daude, baina dagoeneko iragarri dute emanaldi bat Donostian; abenduaren 11n, Lugaritz Kultur Etxean.

«Duela 20 urte baino gehiago Oñatin enpresa ikasketak egiten ari nintzela ezagutu nuen ‘Anfetamiña’; gustatzen zitzaidan, batez ere, zelan lotzen zituen literatura eta musika eta aipatzen zituen taldeak: Lou Reed, David Bowie, Talking Heads, The Doors, Jim Morrison… bazuen halako poesia nahiko iluna eta gogorra. Rock taldeetan asko miresten da Bukowsky, eta nik defendatzen nuen gure Bukowsky zela Montoia», kontatu du Gonzalezek.

Ibilbide berri honen parte dira, era berean, Itziar Beristain (ahotsa), Iñigo Romera (baxua) eta Iñigo Eguillor (bateria); denak, Gonzalez (gitarra, teklatuak eta ahotsa) bera bezala, aurretik beste hainbat taldetan arituak. Ikus-entzunezkoak J.A. Areta Goñi “Juxe” argazkilariaren sinadura darama.

Prozesuaren zailtasunak

Taldeko kideak 50 urteko langara gerturatzen ari diren honetan heldu da «momentu aproposa». Emanaldian pieza batzuk abestu egingo dira eta beste batzuk, errezitatu; izan ere, aitortu duenez, Montoiaren letra batzuk ez dira batere errazak musikara eramateko. «Liburuak dituen poemak zailak dira kantuak egiteko, eta guri, gustatzen zaizkigun kantuak oso estrukturatuak izan ohi dira; hau da, musikak jartzen dituen legeei jarraitzen diegu. Horregatik inprobisazioa ere egiten dugu, baina dena oso egituratuta egitea gustatzen zaigu».

Edukia diziplina batetik bestera eramatea izan da erronka, honenbestez. «Konplexutasun horri irtenbidea nola eman, nola egokitu eta moldatu, eta hartutako erabakiekin asmatu… oso prozesu luzea izan da, baina batez ere ederra», azaldu du Gonzalezek.

Duela kasik 40 urte argitaratutako poemak «nahiko ilunak eta gogorrak» direla esan du. Horrek eraman ditu poema batzuekin indarra rockean jartzera, eta beste zenbaitetan, pop ilunean. «Nahi genuena zen musikarekin giro bat eratu, eta uste dut lortu dugula. Eta giro iluna baino gehiago, esango nuke elegantea dela». Emanaldi bakoitza, hala ere, ezberdina izango da, besteak beste, lekuan lekuko irudi bereziekin lagunduko baitute.

Bi belaunaldiren arteko zubi-lana

Xabier Montoiak (Gasteiz, 1955) 1983. urtean idatzi zuen “Anfetamiña” poema liburua «bonbazo» bat bezala gogoratzen du Alberto Gonzalezek. Emanaldiaren harira argitalpena lehen lerrora itzuli dela-eta, 50 urteen bueltan dabilen jendea kalean hurbiltzen zaiela kontatu du Gonzalezek, haiek ere liburua oroitzen dutela esateko besterik ez bada ere.

Liburua deskatalogatuta dago eta, antza, ez dago etorkizun batean berrargitaratzeko asmorik. Horrek belaunaldi gazteengana ailegatzeko aukerak murrizten ditu. Zentzu horretan, emanaldiak bi belaunaldiren artean zubi-lana egin dezakeela uste du Mugako kideak, batzuek oroitzen dituzten zuri-beltzeko garai haiek bizi izan ez zituztenei molde berriekin hurbilduz, gaurko begiradaz. «Punkaren sorrera gertatzen ari zen orduan, eta horrek gure kulturan zein musikan izan zuen eragina sekulakoa izan zen, eta hori ere jaso dezakete orain gazteagoak direnek», uste du Gonzalezek. O.L.