GARA
PARIS

Fiskalak dio sare sozialek eragin «zuzena» izan dutela Patyren aurkako atentatuan

Samuel Paty irakaslearen ikasle baten aitak sare sozialetan argitaratutako kritika gogorrek zerikusia izan lezakete irakaslearen hilketarekin, Jean-François Richar fiskal antiterroristaren ustez.

Jean-François Richar fiskal antiterroristak atzo adierazi zuen harreman «zuzena» dagoela ikasle baten aitak sare sozialetan egindako kritiken eta Mahomaren karikaturak ikasgelan erakutsi zituen Samuel Paty irakaslearen heriotzaren artean.

Irakaslearen hilketarekin lotuta ikertutako pertsonen artean, bere institutuko ikasle baten aita dago. Ikasle hori dago polemikaren jatorrian, sare sozialetan irakasleari kritika gogorrak egiten zizkioten zenbait bideo argitaratu zituelako, baina frogatuta dago alabak ez zuela klase horretan parte hartu.

Fiskalaren ustez, hilketaren egilea, Abdoullakh Anzorov, «zuzenean» inspiratu zen haren mezuetan, eta nabarmendu zuen bata eta bestea harremanetan egon zirela, «mezu bidez nahiz telefonoz», hainbat aldiz, urriaren 9tik 13ra, ekintza gauzatu baino hiru egun lehenago.

Ikaslearen aitarekin batera, Abdelhakim Sefrioui militante feminista ikertzen ari dira, biak ere «irakaslea sare sozialen bidez seinalatzeagatik».

Adingabeak ikertzen

Urriaren 16an hil zuten Paty, Parisko kanpoaldeko herri batean. Jean-François Richar fiskalaren esanetan, atentatuaren egileak «bi ikasleen esku-hartzeari esker» lortu zuen biktima identifikatzea. Informazio hori lortzeko 300 eta 350 euro artean eskaini zizkien bi adingabeei.

Instrukzioko epaitegira bidali zituzten zazpi pertsona, tartean ustez biktimaren identifikazioa ahalbidetu zuten 14 eta 15 urteko bi ikasleak. Bi ikasle hauek biktimaren deskribapen fisikoa egin zioten hiltzaileari, eta bere ondoan egon ziren. 17.00ak baino lehentxeago «zenbait nerabek, lehenengo biekin batera, Samuel Paty seinalatu zioten erasotzaileari unibertsitatetik atera zenean», gehitu zuen fiskalak.

«Espediente terrorista batean adingabeak ikertzea ez da berria, galdeketa soil bat da», nabarmendu zuen fiskalak.

Hilketaren egile Abdoullakh Anzorov, 18 urteko errefuxiatu errusiarra, institutura joan zen krimena gertatu zen arratsaldean, eta gazteei azaldu zien irakasleak barkamena eskatu behar zuela karikaturak erakusteagatik. Paty hil eta minutu gutxira Anzorov tiroz hil zuen Poliziak.

14.00etan iritsi zen Anzorov Conflans Sainte Honorine institutura, eta bertan nerabe batek Paty identifikatu zuen. Fiskalaren esanetan, konplizeen artean, batek labana bat zeraman eta beste batek aire konprimatuko arma bat.

Fiskalaren ustez, eraso hori hilketa-testuinguru batean kokatu behar da; izan ere, “Charlie Hebdo” aldizkari satirikoak profetaren karikaturak berriro argitaratu zituen irailean, 2015eko bineta horiek zabaldu zituelako pairatu zuen atentatuaren inguruko epaiketa hasi aurretik.

Frantziako Ministroen Kontseiluak iragarri zuen paperik gabeko «pertsona erradikalizatuak» Estatutik kanporatuko dituela.