GARA
PARÍS

Hezkuntza ministro frantsesak ezkerra muturreko islamismoarekin lotu du

Frantziako Hezkuntza ministroak, Jean-Michel Blanquerrek, ezkerreko sektore batzuen eta «muturreko islamismoaren» artean dagoen «konplizitate intelektuala» salatu zuen atzo. Bere hitzetan, «konplizitate» hori batez ere unibertsitatean igartzen da. Blanquer urrunago joan zen eta Frantzia Intsumisoa (LFI) talde politikoa eta UNEF ikasle sindikatua aipatu zituen. Europe 1 irratiarekin eginiko elkarrizketan, «muturreko islamismoak unibertsitatean kalte handia» egiten duela esan zuen. «Batzuek, aurrerakoiak direlakoan, erradikalismoaren onarpenari ateak zabaltzen dizkiote eta horrek, onartezina izateaz gain, okerrenera eramaten gaitu», adierazi zuen ministroak.

Adierazpenok Bigarren Hezkuntzako irakaslea zen Samuel Patyren heriotzaren karietara egin zituen. Zazpi pertsona daude horregatik auzipetuta, tartean bi ikasle adingabe, ustez diru truke hiltzaileari Patyri buruzko informazioa emateagatik. Bi horiek epailearen kontrolpean aske utzi zituzten, eta gainerako bostak espetxeratu zituzten.

Blanquerrek egindako adierazpenen ildoan, astelehenean, Bernard Cazeneuvek, lehen ministro ohi eta Barne ministro ohiak, LFI-ko buru den Jean-Luc Melenchoni eta talde politiko horretako beste goi mailako ordezkariei «terrorismo islamikoaren inguruan diskurtso anbiguo bat erabiltzea» eta «beraien estrategiarekin Errepublika ahultzea» leporatu zien.

Joan den hilabetean, UNEF sindikatuko lehendakariorde Maryam Pougetoux Asanblea Nazionalak antolaturiko ekitaldi batera agerian aurpegia soilik uzten zion soineko islamiar batekin joan zen. Kritika zorrotzak jaso zituen horregatik, batzuen ustez, Estatuaren erakundeek izan behar duten izaera laikoa urratu baitzuen.

Lyonen, tren geltokia hustu

Bestetik, Lyonen tren geltokia hustu behar izan zuten atzo, emakume batek soinean zeraman pakete bat leherraraziko zuela mehatxu egin ostean. Poliziak emakumea inguratu zuen.