Andoni ARABAOLAZA
KULTURA

Mendi Film jaialdiaren hamahirugarren ekitaldia hasi da motorrak berotzen

Antolatzaileek aurreratu dutenez, Sail Ofizialean 54 pelikula lehiatuko dira, eta guztiak presentzialki zein «online» ikusi ahal izango dira. Mendiari buruzko nazioarteko zinemaldia abenduaren 4tik 13ra egingo da.

Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia International Alliance for Mountain Film elkartearen kide da, eta, ohi den bezala, abenduan du hitzordua aurten ere. Katmanduko eta Krakoviako mendiko zinemaldiekin batera, Bilbon urtero egiten den hitzorduak emango dio amaiera aurtengo zirkuituari. Hain zuzen ere, abenduaren 4tik 13ra egingo da. Hamar egunez, beraz, mendiko kulturak berezko lekua izango du. Baina, irakurleak ondo dakien bezala, aurtengo ekitaldia pandemiak baldintzatuta iritsiko da.

Egoeraren jakitun, antolatzaileak lan eskerga egiten ari dira zinemaldiaren hamahirugarren edizioa aurrera ateratzeko. Eta dagoeneko, zertzelada batzuk aurreratu dizkigute, tartean Sail Ofizialean lehiatuko diren pelikulak 54 izango direla orotara. «Jaialdira 175 lan aurkeztu dira; hain zuzen ere, 36 herrialdetatik bidalitakoak. Hots, inoizko kopuru handiena. Horietatik 54 lehiatuko dira Sail Ofizialean , eta, jakina, Bilbon pantailaratuko dira. Bost kontinenteetako lanak izango ditugu ikusgai. Gogoratu nahi dugu ere Euskal Herrian ekoitzitako bost lan izango direla; horietako lau jatorrizko bertsioan, hau da, euskaraz. Denak Mendi Filmen estreinatuko dira gainera».

«Online»

Ohi bezala, Sail Ofizialean lehiatuko diren lanek mendiaren zein naturaren alor ugari jorratzen dituzte: alpinismoa, eskalada, ingurumena... Eta horietako batzuk-batzuk nazioarteko beste zenbait zinemalditan saritu dituzte aurretik. Bilboko hitzorduan, hamabi sari banatuko dituzte eta guztira 24.000 euro banatuko dira.

Jaialdiko epaimahaiari dagokionez, antolatzaileek aurreratu digute bost adituk osatuko dutela. Honako hauek dira: Asier Altuna zine zuzendaria, Paula Olaz soinu banda sortzailea, Itziar Garcia dokumental ekoizlea, Iwona Zielinska-Sasiada kultura kudeatzailea eta Jon San Sebastian ikus-entzunezko ikaslea.

Arestian aipatu dugu covid-19ak eragindako egoera larria. Bada, ekitaldi honetan lehen aldiz online jarraitu ahalko dira Mendi Film jaialdiko pelikula zein eduki guztiak. Hori bai, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute aurten ere pelikula guztiak ohiko aretoetan ikusteko aukera izango dela: «Bilboko Euskalduna Jauregian, BBK aretoan eta Azkuna Zentroko Golem zinemetan. Publikoarekin eta neurri guztiak bermatuta».