GARA
GASTEIZ

Euskal ilustratzaileak, mundu digitalean barnako bidaian

Irudika-k, alegia, ilustratzaileen nazioarteko topaketa profesionalak, urriaren 29tik 31ra izango duen laugarren edizioko kartela eta plataforma digital berria aurkeztu zituen atzo, Gasteizen. Uruguai, Estatu frantses eta Quebecera bidaiatuko du era birtualean.

Euskal Irudigileak-Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak antolatutako Irudika nazioarteko topaketa berezia izango da aurten, egoerak bultzatuta guztiz birtuala izango baita. Topaketa, hortaz, berariaz sortutako plataforma digital berriaren inguruan egituratuko da, eta, izena ematen duten guztiekin eta gonbidatutako artista eta agenteekin, komunitate bat sortuko da intranet baten inguruan. Hau da, www.irudika.eus web orrialdean, parte-hartzaile, argitaletxe eta agenteen interakzioa bultzatu eta, era berean, denek kontsultatu ditzaketen lanak bilduko dira galeria batean.

Irudika berri honek Uruguai, Estatu frantses eta Quebeceko ilustrazio arloko profesionalak, argitaletxeak eta agente literarioak bilduko ditu. Parte hartuko duten egileetako batzuk honakoak dira: Marion Fayolle, Golo, Gilles Bachelet eta Mai Li Bernard ilustratzaile frantsesak; Anne-Julie Dudemaine, Genevieve Biguee eta Mathieu Potvin egile quebectarrak, eta Sabrina Perez, Dani Scharf eta Alfredo Soderguit marrazkilari urugaiarrak. Ekitaldian, dena den, presentzia handia izango dute orobat euskal ilustrazioaren sektoreak eta street art, grafiti eta muralgintza sektore paraleloek, horri esker ezagutu ahal izango dituztelako herrialde gonbidatuetako hiriak.

Eratu den plataformako erabiltzaile bakoitzak profil bat izango du bere lana erakusteko, eta izen-ematea egitean, erabiltzaileak bere gune pertsonalera sartu ahal izango du komunitateko gainerako parte-hartzaileekin konektatzeko. Horrela, gainera, aukera izango du Uruguain, Estatu frantsesean eta Quebecen jasotako esperientziei buruzko eduki esklusiboak kontsultatzeko. Gainera, bideodei sistema baten bitartez, hitzordu profesionalak eskatu ahal izango dira Irudikara gonbidatutako argitaletxe eta agenteekin.