GARA
Iruñea

Joana Haranburu: «Aita etxean izango dugu guk eta espero besteak ere fite etorriko direla»

Joana Haranburu pozik, «igogailu emozional batean», dago, bere aita, Xistor Haranburu, 30 urteren ostean «aske» utziko dutela jakin berritan. NAIZ Irratiari esan zion, atzo, ez zutela erabaki hori espero. «Baina erantzun positiboak beti hartzen dira errazki», esan zuen.

Etxeko espetxeratzea onartu diote, 2021ean baldintzapeko askatasuna emateari begira. Hau lortzeko, hirugarren eskaera da onartu dutena, eta aurrez, beraz, atzera bota zituzten beste biak.

Azaroaren 24rako Haranburu etxean izango dela esan diete. Etxean bai, baina preso segituko duela zehaztu zuen alabak. Lehen urte eta erdian neurri zorrotzak izango dituela azaldu zuen, ezingo duela apenas etxetik atera. Izan ere, behin etxean egonda, presoari jarraipena egiten zaio eta eskumuturreko elektronikoa eraman beharko du 18 hilabetez. Zortzi urtez luza daitezke gainerako baldintzak, erabateko askatasuna lortu arte.

Joana Haranburuk sinetsi nahi du aldaketa baten aurrean gaudela eta laster hasiko direla beste presoak ere aske uzten.

Jarrera aldaketa baten abiapuntua izatea espero dutela esan zuen Mixel Berhokoirigoin bakegileak ere NAIZ irratian. Izan ere, fiskalaren jarrerak zeresan handia izan du orain arte askapen eskaera bakoitzean, baina oraingoan jarrera hori utzi eta baldintzapeko askatasuna onartzea ebatzi du epaileak: «Ez da dudarik, erabaki horren aurreko eta ondoko garai bat izanen da, marra bat gainditu du eta hori nahi dugu sinetsi aurrera egiteko».

Etxeratek ere nabarmendu zuen urrats honen garrantzia: «Aurrerapen garrantzitsua da salbuespen egoera bat konponbiderako bidean kokatu delako. Egoera berean dira Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot euskal preso politikoak; biek, 30 urte baino gehiago espetxean eta baldintzapeko askatasun eskariak mahai gainean. Larri gaixo direnak zein pertsona adinduen egoerak ere hor dira. Herri honek presoen afera gainditu behar du».

Presoen senideek bertan behera utzi dituzte azken ostiraleko mobilizazioak EAEn gorriz sailkatuta dauden herrietan. Nafarroan, aldiz, egingo dira, baina segurtasun neurriak bete behar direla gogorarazi zuten.