Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Polboroiak

Polboroiak bere lekuan daude, nabarmen, agerian, tentagarri. Hurrengo pasilloko izkinan lerratutako turroiekiko simetria bikainean. Atzo ez zeuden bertan. Ez da informazio gehiagorik behar, hau bai publizitate kanpaina burutsua. Azkar batean ohartu zara. Supermerkatura sartu eta susmagarria iruditu zaizun gorri koloreko fieltro mordoxka ikusi duzunean lurrean, langileren batek ahaztuta. Bai, urteko sasoi hori da; laster hasiko dira argiak zintzilikatzen kaleetan eta normaltasun desiratua eskuratzeko moduak biderkatuko dira, zoriontasuna merke, aurten inoiz baino gehiago.

Baina zergatik ote, ene burua garaiotan kokatzeko urteroko ariketa egiten hasi naiz. Badakizue errezeta; hartu zinismo pixka bat, gehitu pereza mordoa, nahastu higuin apur bat eta nahastu amore emateko bereziki prestatuta duzun buru atal horretan. Baina zerbait esanguratsua sumatu dut faltan. Elementu iragarleen artean garrantzitsuenak huts egingo balu bezala. Akatsa, Eguberrietarako kronoigoeraren hasieran.

Baina zer ote da? Goizegi da Olentzero eta Mari Domigiren matrakarekin hasteko. Ez dut postaz jaso, oraindik, desio onez betetako katalogorik, ohikoa denez, oraindik ez da hasi telebistan kolonia eta jostailu garestien iragarkien uholdea.

Eguberriaren atarikoa beti epela izaten da urri amaieran; beraz, nondik datorkit hutsunea hau? Badakit, aste osoan ez dut topatu prentsan euskal diskoren baten aurkezpenenaren berririk. Horrek ohartarazi dit Durangokoa dela gure etxean Eguberrien seinalerik nabarmenena.