GARA
errugbia

Sei positibo daude Avironen eta ostiraleko dema atzeratu egin dute

Ostiralean Aviron eta Toulon taldeen artean jokatzekoa zen Top-14 Errugbi Ligako neurketa atzeratu egin dute, euskal taldean sei covid-19 kasu atzeman dituztela-eta.

Zehazki, bost jokalarik eta entrenatzaile batek eman dute positibo, Lapurdiko klubak berak baieztatu duenez. Taldeak adierazi duenez, datozen egunetan egin beharreko proba guztiak egingo dituzte taldeko kideek. Oraingoz ez dute zehaztu Toulonen aurkako partida jokatzeko data berria.

Aviron une honetan bederatzigarren dago sailkapenean, 12 punturekin, eta Toulonek bakar bat gehiago du. Horrek elkarren artekoa bi aurkari zuzenen arteko neurketa bilakatzen du.

Ez da lehen taldea

Aviron ez da covidaren eragina jasan duen Ipar Euskal Herriko lehen errugbi taldea. Irailean Mauleko eta Angeluko taldeek itxialdia egin behar izan zuten Zuberoako taldean positibo bat atzeman ostean. Elkarren aurka jokatu zutenez, bi taldeak isolatzea erabaki zuten orduan.