Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JOPUNTUA

Antipodetan

HAZ, Alianza por la Educación», aurkeztu zen Madrilen duela astebete. Zenbait fundazio (Vodafone, Endesa, La Caixa), Google, ISDI (Instituto Superior para el Desarrollo de Internet) eta Isabel Celaa espainiar Estatuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ministroa bertan zirela, aliantza publiko-pribatua irudikatu zuten. Enpresa milioidunen fundazioekin eta Sillicon Valley-ko Google-rekin, espainiar Estatuko hezkuntzaren pribatizaziorako pauso argi bat eman zen. Pauso berri bat baino, pauso garden bat.

Covid-19ak hezkuntzaren digitalizazio prozesua azeleratu du. Eta pandemian eta etorkizuneko post-pandemian ere aktore berberek izan nahi dute lider. Martxotik Google da hezkuntzaren transformazio digitalaren mundu mailako aktore politikorik handiena. Berak bultzatu zuen Unescoren baitako Hezkuntzaren Aldeko Munduko Aliantza. Eta berdin, gainontzeko aliatuak ere, bakoitza bere eremuan.

HAZeko aliatuek bi helburu dituztela adierazi zuten: hezkuntzaren bitartez gizartea eraldatzea eta publiko-pribatu elkarlana indartzea. Are gehiago, aurkezpenean euren asmoa administrazioaren osagarri izatea zela argitu nahi izan zuten: hezkuntza modu abstraktuan ulertzen dutela, politizatu gabe, ideologietatik urrun. Azal lodia behar da hori guztia lotsagorritu gabe esateko.

Hezkuntza transformazio sozialerako tresnarik ahaltsuena dela aspaldi esan zuen Nelson Mandelak. Eta hezkuntzaren digitalizazioak elkarlan publiko-pribatua behar du, jakina, baina digitalizazio horren norabideak definitzen ditu aliantzaren aktoreak. Horrexegatik, HAZ aberrazio bat da: espainiar Estatuko hezkuntza interes komertzial, ideologiko eta politiko jakinak dituzten enpresa gutxi batzuen esku utzi dute.

Hezkuntzak oro har, eta bere digitalizazioak, adostasun zabalak eskatzen ditu, hezkuntza komunitate osoa aintzat hartuta. Eta argi izan behar genuke: hezkuntza despolitizatu ezin den neurri berean, hezkuntzaren digitalizazioa ere ezin da despolitizatu. Hezkuntza gizartearen transformaziorako tresna da eta bere digitalizazioa ez da izaera neutralekoa. HAZek esaten duenaren antipodetan dago errealitatea.