Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
ZIGOR GARRO
ITZULTZAILEA

«Gizonontzat emakumeen zapalketa ikusezina da neurri handi batean»

Euskal Herritik ehunka kilometrora gatibu zutela itzuli zuen Zigor Garrok «Neskamearen ipuina» (Txalaparta), Margaret Atwood-en eleberri distopikoa. Frantsesei euskaldunon zapalketa ulertaraztea ezinezko iruditzen zaion bezala, bere larruan bizi ez duen zapalketa %100ean ulertzea ezinezkoa zaiola dio, baina Atwooden eleberriak errealitate horretara hurbiltzeko gakoak ematen dituela uste du.

gara-2020-11-06-Entrevista

AEBetan estatu kolpe bat izan da. Gizartearen sektore puritanoenak agintea hartzearekin batera, gizona bilakatu da jainko eta, ugalkortasunaren beherakadaren aurrean, sistemaren biziraupena ziurtatzeko emakumeak azpiratu, eta ugalkorrak direnak elitean daudenei haurrak emateko sistema erreproduktibo gotor batera lotuko dituzte. Hori da Margaret Atwood-en “Neskamearen ipuina” eleberriaren abiapuntua, 1984an idatzi arren azken urteetan bolo-bolo ibili den nobela eta, orain, Txalapartaren eskutik eta Zigor Garrok itzulita euskaraz irakur daitekeena.

Zerorrek proposatu omen zenion Txalapartari Atwooden liburu hau itzultzea. Zergatik? Zer piztu zizun liburu horrek?

Halaxe da. Batetik, itzulpengintza gustuko dudalako eta kartzelan zaudela halako egitasmo luze baina egingarriak izatea oso onuragarria delako lapurtzen dizuten denborari etekina ateratzeko. Eta, bestetik, erabaki nuen liburu hau proposatzea obra literario oso ona iruditu zitzaidalako eta gaur egun pil-pilean dauden gai asko jorratzen dituelako, batik bat emakumearen esplotazioari dagozkionak, bereziki ikuspegi sexual zein erreproduktibotik.

Baita eleberriko protagonista modu batean giltzapetua edo gatibu dagoenez eta sentimendu eta sentsazioak lehen pertsonan narratzen dituenez, oso gertukoak iruditu zitzaizkidalako ere. Oso identifikatua sentitu nintzen egileak gatibutzaz egiten duen deskribapenarekin. Eta hori ere elementu edo faktore inportantea izan zen.

Eleberria 1985ekoa da, baina azken urteetan egin da bereziki ezagun. Telesail batera ere eraman zuten. Atwood modu batera iragarlea izan zela esaten duenik bada.

Iragarle... izan liteke, bai. Atwoodek liburu hori argitaratu zuenean, ez dut esango borroka feminista marjinala zenik, baina ezin da alderatu azken urteetan izan duen leherketarekin. 90eko hamarkadako martxoaren 8ko manifestazioak gogoratzen ditut nik, eta ez zuten gaurkoekin zerikusirik.

Nik liburu hau oso berandu deskubritu nuen, 2017. urte inguruan. Oso literatura zalea naiz, eta harrituta geratu nintzen liburu hau nola ez zegoen George Orwellen “1984” edo Aldous Huxleyren “Bai mundu berria” liburu distopiko klasikoen mailan. Suposatzen dut liburua ezaguna egin zela bai serieagatik, baina baita feminismoak sozialki eta politikoki irabazi duen protagonismoagatik ere.

Emakumeen azpiratze muturreko bat irudikatzen du Atwoodek, sinesgaitza suertatu beharko litzaigukeena. Baina ez da hala. Badaude gaur egungo gizartearekiko paralelismo garbi batzuk.

Badaude bai; nire ustez nabarmenena, emakumearen esplotazio erreproduktibo eta sexualarena; gaurkotasun handia duten auziak dira. Uste dut Atwoodek emakumearen azpiratzearen karikatura bat egiten duela eta horren bidez erakusten dizkigula gaur egun emakumeak jasaten dituen esplotazioetariko asko, gizonarentzat ikusezinak izan ohi direnak.

Zu gizona izanik, nola eragin dizu alde horretatik?

Niri, ez bakarrik liburu honek, baita borroka feministak ere, eragin didana izan da konturatzea emakumeek jasaten duten esplotazioa niretzat gizon bezala ikusezina dela neurri handi batean, nik ez dudalako pairatzen nire azalean.

Emakumeek beren esplotazioa deskribatzen digutenean badaukagu joera pentsatzeko badakigula zer den hori, baina norberak ez badu bizi bere azalean ez da subjektu esplotatua eta, beraz, ezin du jakin zer den esplotazio hori. Nik hori oso argi ikusten nuen [espetxean] frantsesekin; euskal herritar gisa jasaten genuen zapalketa azaltzen saiatzen nintzenean konturatzen nintzen xeheki azalduta ere ikusezina zitzaiela, ezinezkoa zela beraiei transmititzea esperientzia hori beraiek ez dutelako bizi beren azalean herri gisako esplotazio bat. Orduan, frantsesek herri gisa ezin badute ulertu herri gisa bizi dugun esplotazioa, nik ezin dut ulertu %100ean, inondik ere, emakumeek jasaten duten esplotazioa. Eta, gainera, oso presuntuosoa iruditzen zait gizonen aldetik pentsatzea dena ulertzen dugula eta dena dakigula, ze guk, gizon bezala, ez dugu jasaten emakumeek emakume izateagatik jasaten duten zapalketa.

Irakurle askok telesaila ikusiko zuten. Haren aldean, liburuak hausnarketa askoz sakon eta intimoagoak dakartza, askatasunaz, justiziaz, erbesteaz, gatibutasunaz.

“Neskamearen ipuina”-k jorratzen dituen gai anitzen artean bada bat oso interesgarria, eta da injustiziaren aurka matxinatzea ez dagoela denon esku, oso gogorra dela. II. Mundu Gerrako pelikulak edo Gerra Zibilari buruzkoak ikusten ditugunean badugu joera pentsatzekoa gu, testuinguru horretan, bai ala bai matxinatuko ginatekeela. Baina historiak erakusten digu hori oso gutxik egiten dutela, minoria bat izan ohi dela matxinatzera iristen dena.

Protagonistak berak jarrera nahiko otzana du.

Protagonista sumisioaren faseak bizi dituen pertsona bat da. Badu alter ego bat ausartagoa, ekintzailea, matxinatzen dena, baina eleberri guztian zehar nahiko modu otzanean jasaten du zapalketa, ez duelako ikusten modurik hari aurre egiteko.

Eta, telesailarekin alderatuz, liburuak erakusten diguna da prozesu horren mekanismo psikologikoa. Esplikatzen du zergatik den hain zaila matxinatzea, zer dagoen jokoan, zeintzuk diren gure beldurrak, eta abar. Horren esplorazio bat badago eleberrian, telesailean, hizkuntza zinematografikoa beste hizkuntza bat delako, erakutsi ezin dena. Telesaila akziozkoa da eta liburua introspektiboagoa da. Adibidez, gatibutzari buruz esplikatzen dituenak seriean ez dira agertzen, eta gogoeta horiek oso inportanteak dira.

Itzulpen prozesua nolakoa izan da? Sufritu edo gozatu egin duzu gehiago?

(Barrez) Ba izan da prozesu oso laboriosoa, ze ez dago taxuzko euskara-ingeles hiztegirik; dauzkagun hiztegiak oso azalekoak dira, sinpletxoak, eta askotan ibili behar izan nuen gaztelerazko edo frantsesezko hiztegiekin, inguruko jendea eta lagunak zoratuz, ze kartzelako baliabideak oso urriak dira: ez dugu Internetik ez sareko hiztegirik. Prozesu laboriosoa baina polita izan zen, horrelako obra bat euskaratzeak satisfazio izugarria ematen diolako edonori, baina are gehiago preso dagoen pertsona bati, ze, lehen esan dizudan bezala, denborari etekin bat ateratzen diozu eta behartu nahi zaituzten egoera infertil eta inproduktibo horri zerbait ateratzen diozu. Horrez gainera, nire ustez, borroka feministari ere ematen dio zerbait.

Zergatik aholkatuko zenuke eleberri hau irakurtzea?

Eleberri bikaina delako. Eta klabe asko ematen dizkigulako lehen aipatu dizkizudan gaiez, esplotazioa, sumisioa, gatibutza, adiskidetasuna, amatasuna... sekulako indarra duen liburua da, uste dut Margaret Atwooden ahotsak eleberri honetan ahalmen handia duela, humanitate oso potentea jariatzen duela. Liburua intsumisioaren eta desobedientziaren aldeko aldarri bat ere bada, baita emakumeen esplotazioaren aurkako aldarria ere. Eta, literatura aldetik, goreneko literatura delako. Arrazoi franko, beraz.