Surflari ernegatua

Olatu berria

Ipar Euskal Herria konfinamenduan da urriaren 30etik eta aurreko itxialdian ez bezala, oraingo honetan, Gobernu frantsesak ezarritako neurriekin ados ez direla adierazteko hiru mugimendu sortu dira. Hortaz, hiru mugimendu ditu jopuntuan poliziak. Dendariak, neurri sanitarioak gizartea kontrolatzeko erabiltzen direla salatzen dutenak eta surflariak.

Dendariek babes zabala dute, bai herritarren artean, bai eta ordezkari politikoen artean ere. Haien diskurtsoa ulertzeko erraza da: saltoki handiak irekiak diren bitartean haiek itxita egon beharra injustizia bat da. Neurri berriek azaleratzen dituzten kontraesanak agerikoak dira, eta dendari txikien egoerak kontraesan horiek modu gordinean azaltzen ditu. Horregatik, oraindik ez du poliziak haien kontra jo, babes handia dutelako, baina hori ere etorriko da.

Neurri murriztaileak gizartea kontrolatzeko erabiltzen direla diotenek ez dute babes handirik, besteen artean haien diskurtsoa «politikoegia» delako. Horregatik, izan ziren lehenak zigortuak izaten.

Eta amaitzeko surflariak. Olatu politak daude, baina hondartzak irekiak izan arren, debekatua da itsasoratzea. Paris eta Bordeleko bisitariak Lapurdin zirenean ez zen arazorik, taldean itsasoratzeko deialdi publikoak ere egin ziren Biarritzen, eta poliziak beste aldera begiratu zuen. Ordea, ikasleen oporrak amaituta bakoitza bere etxera itzuli da eta orain soilik bertakoak geratzen dira. Asteburu honetan dozenaka izan dira itsasoratzeagatik 135 euroko isuna jaso duten surflariak. Egoera berotzen ari da, jendea akitua da, eta hau luzerako doa. Interesgarria izango da jendearen pazientzia noraino iristen den ikustea. Artean, nik ez dut itsasoratzeko asmorik, neurri sanitarioak betetzearen aldekoa naiz, oraingoz...