gara, donostia
JOPUNTUA

Ezin ulertu

Ezin uler dezaket 71 milioi pertsonak Trump bezalako indibiduo supremazista, sexista, negazionista eta soziopata bati boto ematea beren errepublikako presidente izateko. Ez zait buruan sartzen. Bakan batzuk gehiago dira besteari eman diotenak, bai, baina bakan batzuk besterik ez. Apenas lau milioi eta erdi. «Ni ez naiz hangoa» da geratzen zaidan kontsolamendu bakarra.

Uler dezaket, baina ez da irensten erraza, Euskal Erdian boto gehienak Robocopentzat izatea, noiz eta kristal-argi geratu zenean bere lehentasuna ez zela Zaldibarko langileen gorpuak zaborpetik ateratzea edo herritarrak pandemiarako prestatzea, ezpada hauteskundeak gerta ahala gerta egitea. «Ni ez naiz hemengoa» da iheserako geratzen zaidan txakur-amets bakarra.

Uler dezaket eta irents dezaket, baita begi onez ikusi ere, “Independentea” bezalako euskarazko komunikabide berri baten jaiotza, sorrerarako arrazoien artean, argudio negazionisten aurkako euskara hutsezko egunkari bakarraren ustezko zentsura aipatzen badu ere. XX. mendeko epistemologiari buruz dakarren lezioa goitik behera berrikusi eta zuzentzea eskatuko nioke, hori bai (eta, bide batez, Wikipediara jo behar badu, ingelesezkora jo dezala, ez euskarazkora, gai horri buruz dagokionez behintzat). «Horkoa ere ez naiz» ez dut pentsatu beharrik ere izan.

Ezin uler dezaket, ezin irents, ezin jasan, nola litekeen Trump zaleek, Urkulluren Gobernuak eta “Independentea”-k bat egitea honako bi kontu hauetan. Batetik, zientzia-komunitatearen arabera covid-19aren kontrako neurri eraginkorrenak direnak gutxietsi eta horiei galga jarri edo galga jartzeko eskatzen dute. Bestetik, gezurra esatea, «ideologikoki lerratuegi» egotea, edo zuzenean zentsuratzea eta iruzur egitea leporatzen diete komunikabideei hirurek. Munduko gobernu boteretsuenetik egiten du batak munduko hedabide indartsuenen aurka; nahi-eta-ezin dabilen gobernu delegatu batetik edo oposizioaren ustezko bazterretik egiten dute besteek euskarazko hedabide ahulenen kontra. Doazela denak pikutara! Joango naiz ni, bestela, irla huts batera.