Edriga Aranburu
Eusko Alkartasuna
KOLABORAZIOA

Partida jokatzeko momentua da!

Aste honetan entzun izan dugu nola EH Bilduk aurreratu duen Espainiako aurrekontu orokorrak babestuko dituela, betiere, gauzak ez badira konplikatzen edota trakesten. Adierazpenok zalaparta handia sorrarazi dute betidanik beraien burua Madrileko euskal interlokutore bakar gisa autoproklamatu izan direnen artean eta baita, nola ez, eskuindarren eta ultraeskuindarren artean ere; azken horiek, zoritxarrez, ETAren inguruko mamuak berpiztu dituzte.

Ez da zaila jakitea zein den ezkerreko euskal independentismoak Madrilen garatzen duen jarduera politikoak sortzen duen beldurra; are une honetan, Estatuan sakoneko aldaketak egiteko dagoen potentzialtasuna ikusita. Faktore konbinazioa interesgarria da egun: Euskal Herriko eta Kataluniako mugimendu independentista eta ezkertiarrak –bigarrena lehendabizikoa bezain garrantzitsua da–; Estatuak izan duen gobernurik aurrerakoiena, horrek zer esan nahi duen oraindik ikusteke dagoen arren; eta beste hainbat, hala nola monarkiaren irudi txarra edo osasun-krisian sistema publikoari balioa eman dion gizarte-kontzientzia. Ez dugu esango errepublikak lortzeko ekaitz perfektuaren aurrean gaudenik, baina badago aukera leiho bat, eta oso arduragabea litzateke pasatzen uztea.

Horrek azaltzen du Estatuko politikatik, oso ezberdinak diren sektoreek, EAJk, PSOEko baroiek eta, jakina, Espainiako eskuinak eta ultraeskuinak, mugimendu horiei aurre egitea. Guztiek arriskuan ikusten dute 78ko erregimena deitu den hori; Konstituzioa bai, baina baita garatu ez den eta behin eta berriz zapaldu duten Gernikako Estatutua ere, jatorrian potentzialitateak zituena.

Eusko Alkartasuna betidanik egon izan da (eta egongo da) Euskal Herriaren aldeko akordio, agertoki edota erabaki garrantzitsuenetan. Horretarako sortu ginelako besteak beste: Euskal Herri justu eta hobeago bat lortzeko. Horretarako ere, urte luzez izan gara (eta gaude) Madrileko Gorte Nagusietan, non euskal herritarren eskubideak eta beraien bizi kalitatea hobetzeko neurri eta erabaki guztietan parte hartu dugun.

Orain ere berdin egingo dugu, horretan gabiltza. Euskal Herria Bildu zentralitatean dago, fidatzekoak gara, politika egiten dakigu eta egiten dugu. Beraz, aurrekontu orokorrek sortutako momentua aprobetxatzen jarraitu behar dugu, betiere oinak lurrean eta gure ortzi-muga argi izanik.

Espainiako aurrekontu orokorrak babestea ez da txeke zuria izango, ezta Espainiako Gobernua sostengatzeko boto itsua ere. Baina ezin dugu errealitatea saihestu, Alderdi Popularra eta Vox prest baitaude Madrileko Gobernua hartu eta orain arte lortutako aurrerapauso guztiak bertan behera uzteko. Ezin diegu utzi inolaz ere hori egiten.

Aurrekontu hauek euskal herritarren egoera soziala, ekonomikoa eta laborala hobetzeko balio behar dute, besteak beste, pertsonak erdigunean jarriz eta covid-19ak dakartzan (eta ekarri dituen) ondorio negargarriei aurre egiteko. Aukera Euskal Herriak duen erabakitzeko eskubidean sakontzeko eta gatazkaren konponbidean aurrerapauso sendoak emateko ere baliatu behar dugu, guztia Estatu espainolaren demokratizazio prozesuaren testuinguruan. Berriro diogu: ez dugu gertu gaudenik esango, baina inoiz ez gara gertuago egon.

Partida jokatzeko momentua da, prest gaude, goazen ba!