EDITORIALA

Ez dago arduragabetasuna estaltzeko porlan nahikorik

Metroko obrak zulo berri bat sortu zuen atzo Donostia erdialdeko Zubieta kalean, ekainean beste zulo bat agertu zen lekutik oso hurbil. Porlanez bete zuten atzo bertan, bilatu gabe irudi sinboliko indartsua eskainiz, zementua bilakatu baita, EAEn behintzat, gobernatzeko modu baten ezaugarri nagusietako bat. Izan dirua banatzeko, AHTren kasuan bezala; izan lotsak estaltzeko, Zaldibarren edo Donostian bezala.

Zauriaren gainean pikoa. Horrelako obra batek horrelako lur batean zituen arriskuak aski ezagunak ziren, nahiz eta urrian sorpresa bezala azaldu Iñaki Arriola EAEko sailburuak hondartza ondoko zoruan harea eta ura agertu izana. Obrak %70 eta %100 artean garestituko dituen sorpresa, non eta aurreko astean Infernuko kaleratzeekin ehun bat lagun etxe gabe utzi zituzten hirian. Herritarrak tenteltzat ez hartzea da exijitu daitekeen gutxienekoa hemen. Ezin da horrelako axolagabekeriarekin gobernatu. Arriolaren kasuan kontua ez da berria, Zaldibarko zauriak irekita jarraitzen du eta. Ixteko asmorik ez, ordea. Arriolak berarekin eraman du, adibidez, Verter Recylingeko jabearekin enpresa bat zeukan Ernesto Martinez de Cabredo, Amenabar eta Dragadosen kargu garrantzitsuak izan dituena. URAn egon zen aurreko legealdian, Zaldibarko isuriak kontrolatzen; Euskadiko Trenbide Sarean orain, bere bi enpresa ohiek interesak dituzten sektore batean. Lakuaren Kode Etikoa urratzeaz gain, konturatzen al dira begietan nolako mina ematen duen horrelako zirkuitu itxi batek?

Bi aukera daude bakarrik Donostiako Metroarekin gertatzen ari dena ulertzeko, eta bat bera ere ez da onargarria. Benetan ez bazituzten kontuan hartu Kontxa inguruko zoruak planteatzen zituen arazoak, arduragabekeria galanta da. Aldiz, arrisku horiek ezagutu eta obrak esleitutakoa baino askoz ere garestiago atera behar zirela baldin bazekiten, herritarrekiko adarjotzea guztiz bidegabea da. Are gehiago krisi ekonomiko sakon baten atarian.