Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Flournoy andrea, adibidez

AEBetako politikagintzaren inguruan karikaturak egiteko aproposegia da sasoia; ez da ekairik falta. Baina horrexegatik da inoiz baino beharrezkoagoa erretratuak, laburrak bederen, ahalik errealistenak egitea. Bizitoki dugun benetako mundua nolakoa den jakiteko. Lagungarria izan daiteke oraingo adibide bat. Michele Flournoy andrearen izen aski ezezaguna lehen planora itzuli da Trumpaldiaren azken egun zalapartatsuotan. Pentagonoko politikaburua izan daitekeela diote, J. Anderson dimititu berriaren eta haren behin-behineko ordezko A. Tataren lekua hartuz. Eta ondorengo bi hilabete asaldagarrietan, gutxienez, zer ekar lezakeen horrek hausnartzen hasi dira asko. Postu horretatik erabakitzen baita AEBetako indar armatuen politika.

Noski, hausnarketak ez ditu lasaitu begiraleak. Aurtengo ekainean, urrunago joan gabe, Flournoy andreak “Foreign Affairs” aldizkarian idatzitako artikulu batean itzulinguru gutxirekin mahairatu baitzuen Txinak Hego Txinako Itsasoan eduki zezakeen itsas armada oso-osorik suntsituko lukeen aurretiazko erasoa egiteko aukera. Hartara, «Beijingeko agintariek arreta gehiagorekin ibili beharko lukete edozertarako ere». Eta ez pentsa nazioarteko zuzenbideak edo bestelako legeek erreparo berezirik sorrarazten zizkiotenik; bere zalantza bakarra zen hartarako beharko litzatekeen indar-bilketaren zailtasuna...

Arazoa da Flournoy andrea ez dela Trumpen gorteko karikaturazko txoriburu horietako bat, egungo elite estatubatuarraren ordezkari petoa baizik. Demokrata aitortua, lehen ere Pentagonoan goreneko ardurak, emakume batek inoiz izan dituen goitarrenak, eduki dituena... Clintonekin eta Obamarekin. Hori bai, bere jakinbide militar zuzena, militar bulegari batekin ezkonduta egotetik eratorriko da; bera, izatez, gehiago delako Hollywoodeko kumea. Eta, ideiak ideia, bideo jokoak non amaitzen diren eta bizitza errealaren fazeta gaiztoena den gerra non hasten den garbi ez dutela diruditenak gorenean ikusteak lasaitzen ote du inor?