Asier AIESTARAN
PILOTA

Enpresen Ligak atzera egin du

Agirre-Albisu bikoteari arrazoia eman dio azken unean eta Binakako Txapelketako finalerdia jokatu egingo da, abenduaren 4an zehazki.

Baikoko pilotarien greba deialdiaren ondorioz bertan behera gelditutako Binakako Txapelketako finalerdietako partida erabakigarria, Ezkurdia-Martija eta Agirre-Albisuren artekoa, abenduaren 4an jokatuko da. Azken unean, Enpresen Ligak atzera egin du Agirre eta Albisuri neurketa 22-0 galdutzat emateko bere erabakian eta, beraz, pilotariek kendu egin dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian ezarrita zuten demanda. Gaur Bilbon egitekoa zen epaiketa ez da beharrezkoa izango.

«EPELeko kontseilari ordezkariak eta epaile bakarrak hurrengo 24 orduetan ebazpen bat emateko konpromisoa hartzen du, lehiaketako epaileak 2020ko urriaren 10ean hartutako erabakiaren ondorioak baliogabetzeko eta Ezkurdia-Martija / Agirre-Albisu binakako finalerdietako partida 2020ko abenduaren 4an jokatzeko. Partida horretatik aterako da 2020ko abenduaren 8an jokatuko den finaleko partidan jokatzeko eskubidea izango duen bikotea», jakinarazi zuen atzo eguerdian ELAk, baldintza «ELAk, Agirrek eta Albisuk EAEko Justizia Auzitegi Nagusian jarrita zuten demanda erretiratzea» zela argi utziz.

Horrela, «amaiera ematen zaio Ligak Agirre eta Albisuri finalerdietako partida galdutzat ematea erabaki ondoren hasitako gatazka judizialari», adierazi zuen sindikatuak, lortutakoarekin oso pozik. «Duela aste batzuk adierazi genuen bezala, greba mekanismo baliagarria da lan-arloko aldarrikapenak defendatu eta lortzeko, eta ELAk gogor egingo die aurre mekanismo horren aurkako edozein jokabide edo errepresaliari».

Baikok ere bere webgunean eman zuen albistea, baina Borja Osesek sinatutako komunikatu luze eta aldrebes baten bitartez. Teknizismoak alde batera utziz, emaitza da Ligak atzera egiten duela bere erabakian eta Binakako Txapelketa amaitzeko bide- orria zehazten duela: finalerdietako partida hori abenduaren 4an jokatuko da, ostiralarekin, eta finala abenduaren 8an, jaieguna baliatuz. Beste modu batera esanda, Buruz Buruko Txapelketa amaitu ondoren eta Lau eta Erdikoa hasi aurretik erabakiko da 2020ko Binakako Txapelketa nork irabazten duen.

Ilusioa gainezka Bilbon

Bestalde, Danel Elezkano eta Erik Jaka Bilbon bildu ziren atzo, larunbatean jokatuko duten Buruz Buruko Txapelketako finalerdirako materiala aukeratzeko. Biak pozik agertu ziren aurkitutako pilotekin, eta horren erakusgarri Jakak eginiko adierazpenak: «Berak pilota horiek aukeratu izan ez balitu, nik hartuko nituzkeen».

Bi aurrelariak ilusioz gainezka daude larunbateko demarako. Agian, Erik Jaka da final-laurdenetan Urrutikoetxearen aurka lortutako garaipenarekin zeresan gehien eman duena. «Binakakoan kanpoan geratu izanak sortutako haserrea erabili nuen motibazio modura, eta ongi irten zitzaidan. Datorren larunbatean ere berdin gertatzea espero dut», onartu zuen lizartzarrak.

Danel Elezkano, aldiz, ohituago dago finalerdietan egotera, baina oso argi du larunbatekoa ez dela edonolako partida izango. «Oso garrantzitsua da ongi hastea. Dena karta bakarrera jokatzen duzu, eta horrelakoetan ezinezkoa da urduritasuna ez nabaritzea», esan zuen Zaratamoko pilotariak.