Oihane LARRETXEA
IRUÑEA

«Amaren intxaurrak», heriotza azaltzeko tresna kolektiboa

Umeentzat ez ezik, helduentzat eta (hezkuntza) komunitatearentzat ere tresna izan nahi du «Amaren intxaurrak», Pirritx, Porrotx eta Marimototsen proiektu berriak. Heriotza zer den azaldu, nola kudeatu eta nola bizi, finean hori delako, bizitzaren parte naturala. Disko-ipuina ikuskizun batekin borobildu dute; hilak 28an izango da estreinaldia, Intxaurrondon.

Ibilbide luze eta oparoan, 33 urteotan, sudur gorriaren atzetik askotariko gaiak landu dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek; batzuk xamurrak, besteak gaziak, baina denak beharrezkoak inguratzen gaituen mundua, bizitzaren beraren parte diren atal horiek ulertzeko Eritasunak, familia ereduak, natura eta ingurugiroa, maitasun aniztasuna, bizikidetza, adiskidetasuna… landu ostean, heriotzari eutsi diote orain, horretaz mintzatzeko garaia zela iritzita.

“Amaren intxaurrak” izena du azken proiektuak eta disko eta ipuin batek osatzen dute. Lehenengoan hamabost kanta jaso dituzte, aurretik beren ibilbidean zehar egindakoak eta gaiari laguntzen diotenak. Xabier Zabalak egin du musika eta zenbait sortzaileren hitzekin osatu dituzte kantuok. Bigarren atala, ipuina alegia, Julio Soto bertsolariak idatzitakoa da eta Maite Mutuberria ilustratzaileak irudi ederrez jantzitakoa.

Istorioak Marimototsek bizi duen galera bat kontatzen du, bere ama Loretorena. Intxaurrondo bat landatuko dute lur eta errautsekin eta handik hiru udazkenetara lehen fruituak ematen hasiko da arbola. Intxaur goxoak dastatzen dituzten momentura eramango gaitu istorioak. «Ama, ez dut nahi nire ondotik joan zaitezen», eskatzen dio triste alabak amari, gaixotasunak aurrera egiten duela ikusita. «Ni ez naiz joango zure ondotik, maitea», erantzuten dio, goxo. Txikiak ez dio ondo ulertu, eta badaezpada galdetu egiten dio: «Orduan, ez zara hilko?». Loretok argituko dio: «Nire gorputza bai, nire gorputza itzaliko da, baina nik ez zaitut sekula utziko bakarrik». Amak promesa hori egiten dio alabari hil aurretik… eta bere hitza beteko duela ikusiko du Marimototsek.

Proiektuak bi xede nagusi ditu, Marimototsek GARAri azaldu dioenez: galerek sortzen duten hutsune eta negar hori lagundu edo arintzeko tresna izatea batetik. Eta horretarako, zendu diren pertsonek uzten dizkiguten balioen transmisioan eta bizipenetan jarri dute arreta “Amaren intxaurrak” lanean. «Gure albotik joan den pertsona horrek egindakoak oroitzeak lagun gaitzake, eta negarra izan dena irribarre izan daiteke egun batean».

Bestetik, bizitza zaindu behar den bezala, heriotza zaintzearen garrantzian jarri nahi izan dute azpimarra. «Jaiotzean naturatik gatoz, eta, hiltzen garenean, naturara goaz. Jaiotza bera ere bortitza da, heriotza bezala, baina ez zaigu horretaz hitz egiten. Modu naturalean tratatu nahi dugu heriotza, eta gure helburua, nahia, hezkuntzak gaia curriculumean txertatzea da. Horretan lagundu dezakegulakoan, gure proposamena apaltasunetik egiten dugu», erantsi du Pirritxek.

«Proiektu berria ez da soilik haurrei begirakoa, heriotza ere badelako heldu eta gazteen afera. Familiek eta komunitateak duten behar bati erantzutea dugu asmo». Egileen ustez, heriotzaz informazioa izateak «ahaldundu» egiten gaitu «heriotza modu ahalik eta naturalenean sentitzeko eta onartzeko».

«Gaur bertan gauza bitxia gertatu zaigu, oso adierazgarria. Heldu bati disko-ipuina oparitu diogu, eta zera erantzun digu: ‘Ederra! Alabari emango diot’. Eta bai, alabarentzat, baina gurasoentzat ere badela esan diogu».

Bidelagunak

Proiektuan bidelagun izan dituzte dolua lantzen laguntzen duen elkarte bat eta proiektu pedagogikoetako profesionalak. Edukia osatzeko garaian, ibilbide luze honetan tamalez galdu dituzten «laguntxo» askoren familiak ere alboan izan dituzte haien ekarpenak aintzat hartuz. Porrotxek kontatu zuenez, makina bat agur ekitalditan parte hartu dute, itsasertzean, mendi tontorrean harri bat margotzen, Arantzan gereziondo bat landatzen, Barakaldon puxikak zerura askatzen… Horietatik irakaspen asko bildu dituzte.

Disko-ipuina izen bereko ikuskizun batek borobilduko du eta, iragarri dutenez, datorren azaroaren 28an izango da estreinaldia Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean. Sarrerak hilaren 23an jarriko dira salgai Donostiakultura.eus atarian.