Dabid LAZKANOITURBURU

MUNDUAK NAZISMOA EPAITU ZUEN NURENBERGEN, DUELA 75 URTE

1945eko azaroaren 21ean, inoiz egin den epaiketarik handiena hasi zen Nurenbergen. 21 goi-kargudun nazi jarrarazi zituzten akusatuen aulkian –horien artean, Hitlerrek bere oinordeko izendatu zuen Hermann Goering–, nazioarteko justiziaren aurrean erregimenaren krimenengatik erantzuteko.

Gerra-kriminal alemanak epaitzeko asmoa lehendik zetorren. 1943. urtean aukera eta beharra aztertzeari ekin zioten potentzia aliatuek. Nazien erregimenak amore eman eta errenditu aurretik, nazioarteko epaitegi baten aurrean prozesu publiko bat zabaltzekotan izan ziren.

Azkenean, gerra amaitu eta sei hilabetera, 1945eko azaroaren 20an, Nurenberg hirian hasi zen epaiketa. Jatorriz lau potentzia garaileetakoak ziren epaile eta fiskalek 300.000 testigantza eta 6.600 ebidentzia aztertu zituzten, 42 artxibo-liburukitan laburbilduta.

Hiria guztiz hondatuta utzi zuten aliatuen bonbardaketek, baina Justizia-jauregiak zutik iraun zuen eta bertan egin zen epaiketa. Nurenberg, hiri inperial izandakoa, sinbolo bat zen nazismoarentzat; bertan Hitlerrek izugarrizko jendetza bildu zuen 1935ean, juduen aurkako legeak inposatu zituenean.

Duela 75 urte, goizeko 10.00etan, hasi zen epaiketa, ehunka kazetariren aurrean. «Auzi honetan salaketa jarri duena zibilizazioa da, ez beste inor», gogorarazi zuen Robert Jackson Ameriketako Estatu Batuetako fiskalak.

Akusatuen artean, bizirik jarraitzen zuten goi-agintari naziak: Joseph Goebbels eta Heinrich Himmler. Erregimenean bigarren buruzagi nagusi zen Hermann Goering-ek Rudolf Hess zuen ondoan. Horiekin batera eserita zeuden Alfred Rosenberg, alderdiaren ideologoa; Fritz Sauckel, gatibu-lanen arduraduna; Joachim von Ribbentrop, Kanpo Arazoetarako ministro nazia...

Konplota, gerra krimenak, bakearen aurkako krimenak eta, historian lehen aldiz gizateriaren aurkako krimenak leporatu zizkien Fiskaltzak. Ordutik, hiru urte igaro behar izan ziren Nazioarteko Zuzenbideak 1948an «genozidio» terminoa onartu zuen arte.

Auzipetu guztiek «nicht schuldig» (ez errudunak) zirela erantzun zuten, baina Mendebaldeko aliatuek kontzentrazio-esparruetan filmatu zituzten irudien proiekzioak adierazpen horiek isilarazi zituen.

«Buchenwald eremuko errausketa-labea ikustean ikaratuta agertzen da Sauckel, larru-azalez egindako lanpararen pantaila agertzen denean ‘ezin dut hori sinetsi’ esanez ukatzen du Streicherrek (…) Frickek burua astintzen du, sinesgogorrarena eginez, mediku batek Belseneko presoen aurkako tratu txarrak azaltzen dituenean», hitz horiek erabili zituen Gustave M. Gilbertek, auzipetuak giltzapetuta zeuden espetxeko psikologoak, “Le Journal de Nuremberg” (1947) liburuan.

Akusazioaren 33 testigantzen artean, ikaragarria da Marie-Claude Vaillant-Couturier-ek, erresistentzia frantseseko kide eta Auschwitz-Birkenau eta Ravensbruck kontzentrazio-esparruetatik bizirik atera zen emakumeak, kontatutakoa. Bi ordu luzez aritu zen: «Jaioberriak beren amen aurrean itotzen zituzten, putzuetako ura edatera behartzen gintuzten…».

«Epaileen aurrean hitz egin aurretik akusatuen aurretik pasatu nintzen, astiro-astiro. Gertutik ikusi nahi nituen. Halako krimen higuingarriak egiteko gai diren pertsonak nolakoak izan daitezkeen galdetzen nion neure buruari», azaldu zuen Vaillant-Couturierrek “L'Humanité” egunkarian.

Ebazpena 1946ko urriaren 1ean jakinarazi zuten: 12 heriotza-zigor (horien artean bat, auzi-ihesean, Hitlerren idazkari Martin Bormannentzat, zeina ez zekiten jada hilda zegoela), hiru biziarteko espetxe-zigor, 20 urteko zigorrak beste bi akusaturentzat eta, azkenik, 15 eta 10 urteko zigor bana beste birentzat.

Akusatuetako hiru espetxetik libratu ziren. Absoluzio horiek behatzaileak harritu zituzten, baina epaiketaren arduradunek prozesua zuzena izan zela azpimarratu zuten.

Irudi ikaragarriak

Historian aitzindaria izan bazen ere, epaiketak kritikak jaso zituen. Batetik, garaileen justizia adierazten zuelako eta hainbat gertakari itzalean mantendu zituelako: sobietarrak Katyn-eko sarraskia (Poloniako 25.000 militarren exekuzioa) naziei leporatzen saiatu ziren, Britainia Handiak eta Estatu frantsesak lehenik (Municheko Ituna) eta Sobietar Batasunak gero (Ribbentrop-Molotov Ituna) Hitlerrekin sinatu zituzten akordioen inguruan ez zen aipamen bakar bat ere egin...

Hori gutxi balitz, Hermann Goeringek bere buruaz beste egitea lortu zuen bere ziegan zianuro kapsula bat lortu ostean, urkatuta hiltzea «soldadu batentzat iraingarria» zelakoan. Handik ordu batzuetara, urriaren 16ko goizaldeko ordu batean, beste hamar goi-kargudun nazi urkatu egin zituzten.

Gorpuak, Goeringenarekin batera, erraustu egin zituzten eta errautsak Isar ibaiaren adar batean barreiatu zituzten, Hitlerren jarraitzaileek hilobietan biltzeko aukerarik izan ez zezaten.