Ainara LERTXUNDI
DONOSTIA
DURANGOKO AZOKAREN 55. EDIZIOA

«Zu non, han DA!», Azoka herrietara eta kulturazaleengana hurbiltzeko

Pandemiak ezarri dituen murrizketak gainditzeko, aurten Durangoko Azokak herrietara eta liburu-dendetara salto egingo du, «Zu non, han DA!» ekimenaren bidez. Abenduaren 5etik 8ra 32 taldek kontzertuak emango dituzte 8 herritan eta abenduaren 9tik urtarrilaren 7ra Azokako «online» dendako produktuak liburu-dendetan ere egongo dira.

“Zu non, han DA!” egitasmoa aurkeztu zuten atzo goizean Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak eta Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiriak, Donostiako Dabadaba aretoan.

Aurten Durangoko Azokaren edizioa berezia izango dela nabarmendu zuten. Pandemiak ezarritako mugikortasun eta edukiera murrizketak direla-eta, Durangoko eta mugakide diren herrietako biztanleak soilik joan ahalko dira Landako gunera.

«Hori dela eta, aurten euskal herrietatik Durangora etortzerik izango ez denez, Durangoko Azoka joango da euskal herrietara», adierazi zuen Mujikak.

“Zu non, han DA!” ekimenaren helburua, «Azokako egitaraua eta denda kulturazaleengana hurbiltzea da, bai online eta baita modu presentzialean ere».

Egitasmo honek bi ardatz izango ditu: Plaza eta Denda. Lehenengoari dagokionez, 32 musika taldek zortzi herritan kontzertuak emango dituzte. «Batzuk ibilbide luzeko bandak dira eta beste batzuk, ostera, lehenengo diskoa atera dutenak», zehaztu zuen Mujikak. Talde horien artean, Gatibu, Zea Mays, Nøgen, Dupla, Sua, Brigade Loco, Amorante, Ratix, Gatom, Kaleko Urdangak, Liher, Ene Kantak eta Joseba Irazoki daude.

Kontzertuak abenduaren 5etik 8ra egingo dira, ondorengo herri eta hirietan: Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Dabadaba) eta Atarrabia (Totem). Ipar Euskal Herrian ezin izan dute kontzerturik antolatu, osasun alarma dela eta. Sarrerak gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira www.durangokoazoka.eus webgunean, 11.00etatik aurrera. Prezioa 8 eta 15 euro artekoa izango da.

Denda da “Zu non, han DA!” ekimenaren bigarren ardatza. Azoka amaitzean, abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra, aldez aurretik izena eman duten liburu-dendetan Azokako produktuak egongo dira salgai, modu presentzialean. «Azokako online denda abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina Azokaren eragina Gabonetarako erosketetara ere zabaldu nahi dugu eta liburu-dendetan emango diogu jarraipena online dendari», azaldu zuen Mujikak.

«Argi genuen ezinezkoa izango genuela betiko Azoka antolatzea, baina argi genuen ere inoiz baino beharrezkoagoa zela antolatzea, zeren osasun krisiak gogor kolpatu ditu arlo guztiak, baina bereziki latza izaten ari da kulturgintzarako. Azoka aurrera ateratzeko alternatiba desberdinak aztertzen eta lantzen aritu gara azken hilabeteotan, ez genekien-eta zein egoeratan iritsiko ginen Azokaren egunetara. Mundu digitalak ematen dizkigun aukerak aprobetxatu nahi genituen, baina presentzialtasuna galdu gabe, Durangoko Azoka ez baita soilik saltoki bat, hori baino askoz gehiago da; topalekua da, esperientzia, gozamena eta beste hainbat aurpegi ditu», nabarmendu zuen Gerediaga elkarteko presidenteak.

Zupiriak, berriz, gogora ekarri zuen duela bi hilabete Gerediagarekin egindako bilera. «Galdera zen ea egiteko modurik izango zen. Duela bi hilabete erabaki genuen betiko Azoka ez zela egingo, ezin zitekeela egin. Azoka betiko moduan deitzeak esan nahi zuen milaka pertsona Durangora mugitzeko espektatiba sortuko genuela eta aurreikusi genuen hori ezinezkoa zela. Erabaki genuen, ordea, Durangoko Azoka egingo zela baina beste era batera, eta hor sortu zen modu birtual batean Durangon aurkezten diren kolekzio guztiak saltzeko ideia».

«Durango erakusleiho handi bat da. Dendatik asko du, plazatik asko du eta harremanak sortzen diren gunetik ere asko du. Gure kultura-industrian eragin izugarria duen tokia da. Argitaletxe batzuek, txikienek, urtean zehar egiten dituzten salmentarik gehienak Durangoko Azokaren bueltan egiten dituzte eta hau are eta nabarmenagoa da musikaren kasuan», esan zuen Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak.

Durangoko Azoka herrietara gerturatzeak «aukera emango die sortzaile askori beraien azken lanak jendaurrean aurkezteko modu presentzialean. Kultur jardunak zabalik ditugu, eta horiek dituzten mugak izango dituzte abenduaren 5etik 8ra aipaturiko aretoetan egingo diren kontzertuak».

«Azokak erronka handia du, euskarazko kultura-industrien biziraupenerako diru sarrera garrantzitsua ematen duelako. Normalean Durangora bisita egiten dugun guztioi erronka bat ezartzen digu urte honetako edizioak. Modu kolektiboan gure liburugintzak eta musikagintzak duen premiari erantzutea da erronka», esan zuen.

Bere hitzetan, «hori egiteko modurik eraginkorrena eta hoberena momentu honetan Durangoko bueltan sortu diren eta aurkeztuko diren liburu eta musika gaiak erostea, ordaintzea eta industria horren atzean dauden sortzaileei laguntzea da».