Amaia U. LASAGABASTER
Lehen maila

Realak etxeko lanak bete zituen, baina partida luzeegia egin zitzaion

BARTZELONA 5

REALA 1


Hogei minutu sobran izan zituen Realak, Johan Cruyffen. Etxeko lanak egin zituen, ordubete luze batez bere aurkaria deseroso mantendu zuen eta emaitza on batekin bueltatzearen ilusioa piztea ere lortu zuten. Baina azken txanpan Bartzelonak ateranzko bidea aurkitu eta, bere ohitura inbidiagarriari eutsiz, garaipena eskuratzeaz gain, markagailua ondo potolotuta gainditu zuen aurkaria.

Etxekoek jokoa menderatu zuten partidaren hasieran eta horren ondorioz lehen gola sartu zuten, Leilak areatik kanpo egindako jaurtiketari esker. Realari ez zitzaion gustatu. Berdinketa bilatu eta aurkitu ere egin zuen, Eizagirreren eta Nahikariren artean sortutako jokaldi azkarraren bidez.

Markagailua eta jokoa orekatu ziren baina, atsedenaldia heltzear zegoela, Marionak jokaldi on bat egin eta bere erdiraketak Nuria Rabanoren hankan jo zuen, 2-1ekoa bihurtu zena.

Goxo bueltatu zen Bartzelona aldagelatik. Baina donostiarrek tinko jarraitu zuten eta denbora luze batez emaitza on bat lortzeko ilusioari eutsi zioten.

Zoritxarrez, Alexiak amets horiek txikitu zituen 77. minutuan, Nanclaresen aldaratzea aprobetxatuz, 3-1ekoa sartzeko. Gol horrek gorri-urdinen letaginak zorroztu zituen, Realaren aukerekin guztiz amaituz. Hurrengo zortzi minutuetan Torrejonek eta Marionak ateranzko bidea topatu zuten, euren garaipena biribiltzeko.