Jon GARMENDIA
Idazlea

«Papier d’Arménie»

Afalostean, frijituen kiratsa kentzeko papier d’Arménie ttipi bati su eman diot, sofan etzan eta pilotu automatikoa piztuta telebistari begira jarri naiz. Parisko Orsay museotik gertu, Solferinoko metro geltokian ikusi nituen lehen aldiz banilla eta azukre lurrina duten liburuxkak. Zapi zuri batekin ile beltzak estaltzen zituen emakume zahar batek saltzen zituen euro gutxiren truke. Hark esplikatu zidan usain txarrak kentzeko hoberik ez nuela aurkituko nehon. Kuriositateak eraginda aritu nintzen papertxoaren historia kausitzen gerora, eta etxeko edozein momentu goxoren ezinbesteko gai bilakatu zait aspaldian. Txiskeroarekin piztu, eta bere lurrin gozoak antiseptiko ahalak ere badituela ahantzi gabe, elizako intsentsua ekarri zidala gogora lehen aldian, hori oroitzen dut sarri. Agidanean, intsentsua, zuhaitz erretxina batetik datorrelako, eta Auguste Ponsot kimikariak Armeniara egindako bisita batean ukan zuen benjui zuhaitzaren erretxinaren berri, alkoholarekin nahasi eta Parisen sortu zuen papertxoak egiten dituen enpresa duela 135 urte, Montrougen zehazki. Telebistan, derrigor bete behar ditugun neurri berriei buruz hasi dira hizketan, le covid mon frere, il est encore là, eta atzendu zait lurrin usaina. Beteko ditugula, gerra hau irabaziko dugula diote, batzuk oker dabiltzala eta zuzendu behar direla. Denak ados. Sotanak gutxitu direnean, asko apaiz ez ote diren bihurtzen ari, moralaren banatzaile, horixe bururatu zait. Odeik kantatzen duen eran, «jainko ttiki ainitz daude eta fededunik ez», halere. Beste papertxo bat piztera noa.